GARA
BILBO

Adinekoen egoitzetan, 50 greba egunen ostean, ekimen gehiago

Bizkaiko egoitzetako grebak berrogeita hamar egun beteko ditu ostegunean eta arazoa konpontzen ez dela ikusirik, ELAk ekimen gehiago martxan jartzea aurreikusi du.

Gaur egun osoko elkarretaratzea egingo dute langileek Bizkaiko Aldundiaren parean, eta ostegunerako hiru zutabez osaturiko manifestazioa antolatu dute, Bilboko kaleak zeharkatzeko.

Gaizka Miguelek eta Ander Akarregik ELAko ordezkariek esan zutenez, sindikatua prest dago borrokan jarraitzeko beraien eskakizunak bete arte, tartean langile kopurua handitzea, lan baldintza duinak ezartzea.

Hiru asteko greba

Sindikatuak pasa den udaberrian hasi zituen mobilizazioak, tarteka grebara deituz egun batzuetan, gutxieneko zerbitzuak betez. Lanuzte honek 147 egoitzetako 6.000 langileri eragiten dio –gehienak emakumeak, denera 10.000 pertsonari emanez zerbitzua–. Azken greba-aldi hau da orain arteko luzeena, hiru aste iraungo baititu. Aurrekoa bi astekoa izan zen, eta denera, esan bezala, 50 egun beteko dituzte ostegunean.

Zentralak mobilizaziorako deia luzatu du patronalek eta Diputazioak langileekin eztabaidatzeari uko egiten diotela salatzeko.

«Patronalek oso eroso jarraitzen dute diru publikoarekin euren mozkinak kudeatzen lasaitasun osoz Bizkaiko Aldundiaren babesa dutela badakitelako. Bestela, nola uler daiteke azken bilera egin genuenetik hilabete pasa denean eta 50 greba egun bete behar direnean negoziatzeko ez deitzea?», aipatu zuten ELAko ordezkariek. Langileek zein erabiltzaileen senideek «asistentzia duin» baten aldekoak direla azpimarratu zuten.