Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Besteen arazoak ez

Pasa den asteko asteartean, arratsaldeko bostetan, emakumezko lankideentzako oihua bota nuen bulegoan: «Aizue, hemendik aurrera eta urtea bukatu bitartean, dohainik ariko gara lanean; beraz, goazen kalera, inork ez liguke-eta kargu hartu beharko!» Han zeuden gizonezko lankide biak azkar asko hasi zitzaizkidan esaten nik ezin dudala halakorik aldarrikatu, gure lantokian generoak ez duelako inolako arrailik eragiten, ez soldatan, ez zuzendaritza karguak betetzeko orduan, hots, ez dugulako kristalezko sabairik gainean. Egia da, onartu nien, jakinaraztearekin batera nire berdinak, munduko emakumeak, urrun asko daudela (ondorioz, denok gaudela) justiziazko egoera horretatik. Ahizpatasunaz mintzatu nintzaien, haien alderdi solidarioari tiraka feminismoari buruzko errezeloak behin betiko baztertu, eta harekin bat egingo dutelakoan. Ezin dugu geure zilborrari begira bizi, geure buruaren eta gertuko-gertukoenen erosotasuna balio goren bilakatuta, norberekoikeria funts eta mami. Are gutxiago jakinaren gainean, munduan gertatzen ari direnak ikusita, etorkizunak atzerapauso aurpegia dakarrela denontzat, emakumeontzat bereziki, aurrerapena baino, herrialdez herrialde eskuin gordinera –inolako motatako berdintasunaz ezer jakin nahi ez duen horretara– goazen heinean.

Bulegoan garrasi hura zabaldu eta biharamunean, lehenengo gauza sakelakoa hartu nuen, ia-ia atzamarrak gurutzatuz, baina itxaropen oro putzura: hantxe ageri zen Donald Trump irritsu erraldoi koloretan, AEBetako presidente hautatu berri. Noladaiteke eta nolademontre guztiak alde batera utzita, alegia, shocka gainetik astinduta, argi eduki beharrean gaude dena esportatzen-inposatzen duen herrialdetzar horretako hauteskunde sistemak, demokraziaren ustezko gailurrak, gizonezko zuriaren nagusitasunaren american dream helburu duen pertsonaia arrazista, misogino eta oldarkor peto-petoa jarri duela mundu mailako botere absolutuan, muga zorrotzen eta armen zalea, bertako zein gainerako milioika lagunen zoritxarrerako. Oro har, mundu mailako berdintasun eta justizia xedea betetzeko ibilbidearen kalterako.

Gehitu horri han-hemenkako herrialdeetan egiten ari diren hautaketak, norabide jakin batetik egiteko hautu garbiak… Oraindik ere, urrunekoen arazoak urrunekoenak baino ez direla eta, gure egurrezko sabaitxo hertsia munduaren norabidetik salbu dagoelakoan? Horrek guztiak ukituko ez zaituelakoan?