GARA
DONOSTIA

Segurtasun falta salatu dute errepidean lanean ari zen ertzainaren heriotzan

Matxuratutako auto bat artatzen ari zenean hil zen atzo J.U.E. ertzaina, N-1 errepidean beste auto batek harrapatuta. ErNE, CCOO eta ELAk adierazi zutenez, istripua saihestu zitekeen neurriak indartu izan balira.

Ertzaintzaren agente bat hil zen atzo, Iruran, N-1 errepidean Gasteizerako noranzkoan matxuratuta zegoen auto bat artatzen ari zela beste auto batek harrapatu ondoren, SOS Deiak zerbitzuak jakinarazi zuenez. Ezbeharra goizeko zortziak aldera jazo zen. Minutu batzuk lehenago, beste ibilgailu bat errepidetik irten zen, eta J.U.E ertzaina zirkulazioa zuzentzen ari zela harrapatu zuen beste auto batek. Biktima, 54 urteko gizona zen eta Zarautzen bizi zen.

Harrapaketaren biktimak zauri larriak jasan zituen eta osasun zerbitzuak istripuaren tokira joan ziren gizona suspertzen saiatzeko, baina azkenean hil egin zen, iturri berberek adierazi zutenez.

Ikerketa eta segurtasuna

ErNE Ertzaintzaren sindikatuak gogor kritikatu zuen gertaera eta Segurtasun Sailaren «ardura» salatu zuen. Ohar bidez adierazi zuenez, heriotza saihestu zitekeen lehenengo istripua gertatu zen lekuan gutxieneko segurtasun neurriak jarri izan balira.

«Inork ez dio bizitza bueltatuko gure lankideari, baina horregatik ez diogu salatzeari utziko trafikoari lotutako jarduketetan dagoen segurtasun neurri falta», adierazi zuen ErNEk. Halaber, elkartasuna eta babesa agertu zion biktimaren familiari.

CCOO sindikatuak gertaera salatzeaz gain, Segurtasun Sailari ikerketa sakona egiteko eskatu zion, eta ELAk bestalde, elkarretaratzea deitu du gaurko, 11.00etan, Ertzaintzak Oiartzunen duen egoitzaren atarian.