Jon LEUNDA
Aizkora

Iker Vicentek eutsi egin dio Nafarroako txapelari

Otsagabiko aizkolariak hamar segundo atera zizkion Ruben Saralegiri, eta minutu bat, Jon Rekondori.

Aurreikuspenak bete egin ziren. Iker Vicentek lortu zuen atzo Nafarroako Lehen Mailako txapela. Bigarren bere lehengusu Ruben Saralegi sailkatu zen. Txapelketako bi gazteenak izan ziren aurreneko bi postuetan.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki behar izan zituen. Espero zen bezalaxe, sekulako jendetza batu zen atzo Doneztebeko pilotalekuan. Txapelak, ondorioz, iazko leku berean jarraituko du, Otsagabikoak joan den urtean irabazi baitzuen aurreneko aldiz.

Zaleek saio estuak, emozio handikoak, nahi izaten dituzte, eta atzokoak ez du horrelako aitzakiarik izan, emozioa amaierara arte izan baitzen. Bukaeran hamar segundoko tartea besterik ez zen egon aurreneko bi sailkatuen artean, eta hirugarrena ere minutu batera sartu zen. Iker Vicente oso indartsu abiatu zen. Hasieratik markatu nahi izan zituen ezberdintasunak, eta garbi utzi nahi zuen han zein zen txapelduna, zein zen faboritoa, baina hirugarren enborrean adar bat izan zuen, eta hor aldea galdu zuen. Lan erdietan Rekondo gainean zuen, baina ordurako ikusten zen Saralegi indarrean zetorrela.

Bigarren zatian Otsagabikoak Jon Rekondorekiko aldea handitzea lortu zuen, baina atzetik indar handiarekin zetorren Ruben Saralegi, eta amaieran gauzak oso estu izan ziren, kolpe gutxi batzuk, hamar segundo, besterik ez baitziren egon tartean. Horrelako lan baten ostean, hain tarte txikia egotea oso polita da, eta hori ederki eskertu zuten pilotalekuko harmailak bete zituzten zaleek.

 

Postuak erabakita

Jon Rekondo saiatu zen aurreko bi aizkolarien erritmoari eusten, eta ongi aritu zen aizkolari leitzarra, baina behin haien aurka ezingo zuela ikusi zuenean, erritmoa moteldu zuen, eta hirugarren postu horri eusteko ahalegina egin zuen. Horri ongi eutsi eta bera ere podiumean sartu zen.

Beste bi postuetarako gauzak nahiko zehaztuta zeuden. Lopez laugarren postu horretan geratu zen, eta horri eusten saiatu zen, Donato Larretxea atzean geratu baitzen. Azken hau zen finaleko aizkolaririk beteranoena, eta ezin esan berak ere lan txarra egin zuenik. Oraindik gazteen artean jarraitzen du, eta ez da seinale txarra.

Iker Vicentek 32 minutu eta 16 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko. Atzetik, Ruben Saralegi (32.26), Jon Rekondo (33.15), Juanjo Lopez (34.11) eta Donato Larretxea (36.31) sailkatu ziren.

Amaieran Iker Vicente oso gustura agertu zen egindakoarekin. «Egindako lanarekin oso gustura nago. Enborrak eman beharrekoak ziren, eta uste dut lan ona egin dudala. Hasieratik ongi hasi naiz, eta tartean adar handi bat izan dut. Hor denbora galdu dut, baina gero ongi erreakzionatu dut. Rubenek ere sekulako lana egin du», esan zuen txapeldunak.

 

Diruak Arriaren aldeko joera dauka

Arria V.ak bihar 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan Kañamares III.aren eta Jauregiren aurka jokatuko duen apustuak ikusmina handitzen jarraitzen du. Errezildarrak 20 kana-erdiko ebaki, eta ondoren 20 kilometro egin beharko ditu korrika. Bikotean, batek aurrena 10 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta bere kideak ondoren falta diren 10 kana-erdikoak ebaki eta 10 kilometro egin beharko ditu korrika. Aurrena aizkoran aritu denak amaitu beharko ditu falta diren 10 kilometroak. Bikoteak nola jardungo duen bihar arte ez da jakingo.

Azkeneko egun hauetan apustuzaleen joerak ere garrantzia izaten du, eta apustuak ere gehitzen joaten dira. Oraingoz apustuak pare samarrean dabiltza, baina diruak Arriaren aldeko joera dauka, aldeak handiak ez badira ere. Apustua luzea izango dela kontuan hartuta, pentsatzekoa da ere saioan zehar dezente jokatuko dela, nola doazen ikusi ondoren.  J.L.