ZORROZTARRIA

Mugako kontuak, kontu mugagabeak

Hau kolpea gero! Euskadiko eta Nafarroako komunitateen arteko muga inguruan gertatu berria estatu arazo bihurtua! Tira, argitze aldera, Estatua arazo! Beste behin ere! Sinetsi ezinean nago oraindik. Tamainako astakeria! … Zer? Tabernako liskarraz? Ez, ez naiz horretaz ari! Muga horretako bazterrean geldi den kamioitzarraz ari naiz. Kostatik barnerantz aurrera egin nahi zuen horretaz. Kristoren luzera ei duenaz; egia esan, luzera futbol-zelaitan neurtzen dutenetik galduta nago, sistema metrikoan izan bainintzen ni ume. Antisistema halakoak! Eta hara! “Metro” berba erabiltzen badute ere, lurpeko trenaz ari dira. Hamaika entzuteko gara gero!

Pentsatzea ere gero kostara buelta egin behar duela! Total, luzeaz aparte astuna traste hori. Ohiko politika astuna izan bada, bai, baina motza behintzat! Baina biek zein biek dute arazo bera, biribilguneetara ez direla ondo egokitzen. Kolpea gero, biribilguneok zirkulazioa arintzeko asmatu ei baitzituzten! Bide-orria euren esku bada, atera kontuak nora goazen! Eta gainera, gune horietako farolak kentzen badituzte, ohiko politika sikiera itsuan geratuko da, orain duen argi apurra deskonektatuz gero. Katalunian bederen, beste modu batean egiten dute deskonexioa.

Tabernakoa ere umore beltzeko serie baterako gidoi, urruneko ziegak gaztez beteago izango ez balira. Hats dasta-ezina beheko nazioaren entzutegian; gorrak direnez ezin usaindu, nonbait!

Zerikusirik ez egunotan hemen izan den munduko gazten jardunekoarekin. Aurkeztu gaztok landan elikatutako abere-esnez eginak, gazuraz eta kaikuan, berez lizunduak. Beheko hatsa, gazteak zigortzeko esne txarrez propio prestatutako zeretik dator, moketan landua, bainuontziko ur beltzez, eta soto ilunean lizundua. Gaztetan edo gaztatan, Estatua arazo! Hortik ere elikadura burujabetzaren beharra!