Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Lazkanok arteaz eta bizitzaz duen ikuspegia, monografiko batean bildua

Formatu handiko edizioan bildu ditu Jesus Mari Lazkanok bere hogeita hamar urteko ibilbideko obra nagusiak. Argitalpenean 177 margolan eskaintzeaz gainera bere obraren zein artearen gaineko hausnarketak idatziz ere eman ditu autoreak eta Kirmen Uriberen, Edward J. Sullivanen eta Miguel Zugazaren hitzaurreak ere badakartza.

Jesus Mari Lazkanoren hogeita hamar urteko ibilbidea jasotzen duen argitalpena argitaratu du Nerea argitaletxeak. “Lazkano” izenpean, margolari bergararraren obrez gainera bere hausnarketak eta artearen ikuspegiaren gaineko idatziak ere biltzen ditu. Argitalpenaren aurkezpenean Lazkanok azaldu zuenez, formatu handiko (27 x 33 cm) eta edizio zainduko monografiko hau bere obraren adierazgarri diren lau ataletan banatu du: natura, denbora, argia eta arkitektura. «Lau gai horien gaineko hausnarketa da, pintura ez baita soilik margolariak ikusten duena, eraikitze intelektuala ere bada, sentipenak dira… Liburu honen bidez pentsamendua ordenatzeko ahalegina egin dut, irudi bakoitzaren atzean dauden ideien jabe egiteko», azaldu zuen. Hala, argitalpenean tamaina handiko 177 argazki (zenbaitek bi orrialde hartzen dituzte) eta testu ugari batu ditu. Horietako gehienetan Lazkanok azaldutako hausnarketa horiek biltzen dira, baina Kirmen Uribe, Edward J. Sullivan eta Miguel Zugazaren hitzaurre bana ere barneratzen ditu.

Naturak garrantzi berezia du Lazkanoren lanean eta, bere hitzetan, lehen atal horretan irakurle-ikusleak «naturara nola hurbiltzen naizen» ezagutu ahalko du: «Paisaiak sentitzeko beharra izaten dut, basoko soinuak entzun, zuhaitzen azala ukitu... sentipen horiek baitira obrari bestelako ikuspegi bat ematen diotenak. Margolariak mundu berriak eraikitzeko gaitasuna eduki behar du, jada badugun mundua aztertzeko hor baititugu zientzialariak».

Era berean, «denboraren anbibalentziaz» ere mintzatu zen Lazkano, eta esan zuen berak ez duela denboraren joanean sinesten, «denbora gurekin baitoa, gu gara denbora daramagunak, zenbaitetan gu baino azkarrago edo geldoago doala sentitzen badugu ere».

Pinturan oinarrizkotzat jotzen duen argiaz –eta berau irudikatzeko eraz, batez ere zeruei dagokienean– eta, arkitekturaren alorrean, gizakiok eraiki dugun hiriaren ideia garaikideaz ere mintzatu zen Lazkano. Hiriak eraikita dauden erak gizakiaren bizitzan eta eguneroko jardunean duen «eragin bortitza» izan zuen hizpide, eta argitalpenean erritmo bizi horren gaineko gogoetak ere aurki daitezkeela azaldu zuen. «Idatziak eta margolanak batera aurkezten dira liburuan, baina zenbaitetan obrak iradokitzen duenaren gaineko gogoetak eta besteetan obren gaineko zehaztapenak, bietatik daude. Ikusteaz gainera, testuak irakurtzeko gonbidapena egin nahi nuke».

Donostiatik Artikora bidean

Lazkano (Bergara, 1960) Arte Ederretan doktorea eta EHUko Pintura Saileko irakasle titularra da, eta bakarkako zein taldeko hainbat erakusketa egin ditu munduan zehar, besteak beste, AEBetan, Suitzan, Italian edota Jakartan. Donostian, uda honetan Lazkanoren atzera begirakoa osatu zuten Kursaalen “Ikusmira” izenpean eta 40.000 bisitari pasatu ziren bertatik. Bisitarien gainean, koadro bat margotzea teknika aldetik «erraza» dela esan zuen Lazkanok, «gaur egunean benetan zaila dena obra baten aurrean jarri eta hamar segundoz begira egotea da». Hala, bisitariei eskerrak eman zizkien «ahaleginagatik».

Etorkizuneko proiektuen artean, laster Artikora bidea hartuko duela esan zuen: «Artista beti doa zerbait berriaren bila, eta ni izkinekin, mugekin ari naiz lanean. Hilabetez beste artista, zientzialari eta filosofo batzuekin egongo naiz, esperientziaren bidez muga berri horiek aurkitzeko ahaleginean».