Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kotxinoak nonahi, badiatik kanpo

Gaur goizean ere, zapatuetan ohikoa izaten dudan legez, ordenagailuaren aurrean paratu, eta, eskuak teklatuaren gainean zabaldu aurretik, gaurko egunkari bien orriak zabaldu ditut mahai gainean, papereko berriez enteratzeaz gain berriok nire buru-galbahetik pasatu eta oraingo zutabe horizontalerako aitzakia-gaiak hautatzeko asmoz. Ohiko legez ere, gai zerrendatxo bat egin dut paper zati batean, nondik abiatuko eta nora ailegatzeko... hori patuaren eskuan utzita. Baina patuak aholkatutakotik abiatzear nagoela, hara! berrietan azkena! Komandantea joan da beste norabait!

Albisteak bere horretan ez nau ezustean harrapatu, urteen poderioz batzuk bizi-mugatik gertuago bizi izan baitira. Bizitzaren legea da, letrarik behar ez duena; are gutxiago kontsentsurik. Total, bizi ostean hil, eta gerokoak geroko, horretan gerorik balego sikiera. Bizirik gauden artean zelan bizi garen da kontua, hil osteko balizko bizitzarena ponentzia baterako gai utzita.

Aztarna bizitako bizitzan uzten dugu, uztekotan, batez ere lupetzetan ibilita, itsasadarraren ezkerraldeko meategietan abade ibilitako langileak esaten zigun bezala.

Beste batzuk, ordea, bizi-mugatik oso gertu dira, han-hemen bizirauten saiatzen, bizia omen den urak itotzear. Ez urteen poderioz, urdeen poderioz baizik. Kotxino Badia gogoan orain, komandantea! Kotxinoak nonahi egun, badian zein hirian! Burtsa ala hil!

Balioak eta baloreak apropos nahasten dituzten garai hauetan, irauliaren funtsezkoak bere horretan dirau, bizitzeko akuilu, baina aldatu egin dira horretarako moduak, ezer ere ez da betiko! Sierra Maestrak gaur, han-hemen, aukera asko eta askotarikoak ditu.

Aukera ez dena nostalgia da, inertzia ere ez! Mugak gainditu behar dira, bizitzan solteago ibiltzeko.

Betira arte!