GARA
DERIO

Bizkaiko EHNE-k txostena onartu du Via Campesinaren topaketari begira

Aurrerantzean hartuko duten norabidea eta konpromisoak biltzen ditu atzo Derion Bizkaiko nekazariek onartu zuten txostenak. Herri horretan bertan egingo da uztail erdialdean Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia, eta berau prestatzen ari dira dagoeneko.

Bizkaiko EHNEk hamargarren biltzarra egin zuen atzo Derioko Baserri Antzokian. Bertan hemendik aurrera jarraitu beharreko pausoak biltzen dituen txostena onartu zuten. Hala, datorren udan Derion bertan egingo den Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentziarako prestatzen hasi dira. «Konferentzia hartzea harrotzeko modukoa da; erantzukizun handia ere bai, baina baita nekazaritza sektorea eta bertako proposamenak haren etorkizunari eta garapenari buruzko eztabaida politikoaren gunean kokatzeko aukera ezin hobea ere», aipatzen da adostutako txostenean.

Topaketa garrantzitsu horren aurretik, apirilean Nazioarteko Hizketaldia egingo da. “Elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkak” izenpean, hamar pertsonak hartuko dute parte. Jorratuko diren gaien artean munduko pertsona guztiak elikatzeko erronka izango da.

Horren ondoren, uztailean izango da konferentzia, non tokiko errealitatea irudikatzeko eta aurkezteko espazio osagarri bat jartzeko asmoa duten. Horretaz gain, berrikuntza gisa, konferentziaren osteko egunerako jarduera bat txertatu du EHNE-Bizkaiak delegazioko kideek nekazaritzan, arrantzan eta herrialdean dauden dinamikak eta errealitateak ezagut ditzaten.

Inplikazioa

Topaketa egiteko Derio hautatu izana Bizkaiko EHNEk orain arte hartu duen konpromisoari esker gertatu da neurri handi batean, Estatuko, Europako eta nazioarteko dinamiketan parte hartze aktiboa izan duelako.

Baina horrez gain, euren arlotik at dauden beste mugimenduei ere babesa eskaini behar zaiela azpimarratzen dute; alegia, Emakumeen Mundu Martxari, Nekazari Ekintzako Eskolari eta Landa Eremuko Plataformari, esaterako.