Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Egutegia duen agenda

Urtero legez, aurten ere, abendua abiatzearekin batera dator Durangora azoka. Eta hau kolpea! Beheko Estatuaren konstituzio eguna lagun! Kanpotiko jaiegun behartuak birziklatzeko modua! Merkatua globalizatu nahi duten honetan, lekuko arnasgune bihurtzen da azoka euskal ekoizpenaren munduan. «Zabalik lanengatik» izan liteke horko leloa, ohiko «itxita lanengatik» bazter utzita. Bai, hala da, lan asko azokara bilduta!

Urteroko aukera hor, urte berriari begira agenda eta egutegia poltsaratzeko. Badakizu, asteko egunak, hileko asteak eta urteko hilak ordenan dituen agenda. Eginbeharrekoak, hitzorduak, eta bestelakoak apuntatzeko behar besteko lekua duen agenda; beste gauza bat da gero zabaltzen duzun. Eta hor ibiltzen naiz, standen artean, batzuetan jendea zapaltzen, jendeak zapalduta besteetan, bostekoak ematen lagunei, agur bai! … agenda bila.

Ohiko guneak bisitatu ditut, Ahotsenea, Irudienea … eta aurten nobedade izan dena, Ajuriaenea. Hantxe ikusi dut, eskaintza berezian, Euskal Agenda/Agenda Vasca! Agendatan arraroa gero hori! Egutegirik ez, santu izenak soberan; orri gehienak zuriz, ganorazko bide-orri bat irudikatzeko ezinak … eta hori bai, telefono saila azkenean! Baina, kolpea gero! telefono zenbakiak agendan daude jada, eta denak beheko Estatuko ministerioetakoak dira. Hortaz, Politika 4.0rako apenas tarterik! Hori bai, agendak badu xingola moduko bat, ustez egunetik egunera orria markatzekoa, baina kolpea hau ere! Lehenengo orrian bertan dago mugiezin! Kontatzen ez dena ez da, dio gure egunkariak. Baina batzuek kontatzen dutena ere, batzuetan ez da. Altsasu gogoan. Tira, ez noa esatera apuntatzen ez dena ez denik, baina apuntatzen ez dena batzuetan ahaztu egiten da. Horregatik behar dut agenda; hori bai, egutegia duena. Eta xingola.