Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Dorre okertuak zutik dirau

Burutik pasatua zait egunotan kanta hura, jaialdiak politika debekatuaren arnasaldi hartzen genituen garaiko hura. Pisako dorrea, bere gisan eroriko zelakoan zain egonak, nork ehortziko elkarri galdezka… Bai, azken Pisa txostenak hezkuntza bideko hautsak harrotu ditu. Nonbait, gure hezkuntza dorrea okertu egin da. Ai ama! Hau kolpea! Kolpe batez utzi diogu euskal oasia izateari! Erreferentzia ofiziala beheko estatua duten hemengoek hausnartzeko motiboa; ez hezkuntzaz, prezisamente, oasiaz hausnartu baizik! Tira, Pisaren harira! Irakurketan, matematikan eta zientzian okertu ei da hemengo dorrea. Eta, egia esan, ulertzekoa da emandako nota. Irakurketan, kasurako, zelan irakurri halako esaldia: «un muchito más lejos de lo que les gustaría a otros». Ee? Zelan ahoskatu mutxito hori? Hortaz, kapaz badira jelkideak gazteleraren gramatikan innobatzeko, zergatik ez bide bera hartu euskal politikan? Hamaika irakurtzeko gara gero! Eta matematikan, normala ere gutxiegi hori. Azken finean aritmetika parlamentarioa ardatz duen politikak, politika ez ezik aritmetika eta geometria ere desitxuratzen ditu. Eta zientzian. Aldirik aldi «passion for knowledge» esaten diguten arren, ez dirudi pasio handirik dagoenik, teknologiak zapaldua baitauka zientzia. Eta badakigu: teknologiak erantzunak eman baditzake ere, sekula ezin du galderarik egin, sekula hori santa bada ere. Total, kontua ez da hango edo hemengo dorrea okertua izatea, are gehiago kantak zioenez: eroriko zelakoan zain zeuden gehienei, lur eman zaie, eta dorreak makur bada zuzen hor dirau. Kontua da zer hartzen dugun, han eta hemen, zuzentzat. Askotan okertua egotea baita zuzen ibiltzeko modua.