J.L.
Harri-zulatzea

Asier Zubiagak errebantxa hartu du

Asier Zubiagak irabazi zuen atzo Arratzun jokatu zen harri-zulatzaileen arteko apustua. Sekulako jendetza batu zen norgehiagoka ikusteko asmoarekin. Kirolari bakoitzak ordu erdi izan zuen lanerako, eta, ordu laurdena betetakoan, harriz aldatu behar izan zuten, horrela biek harri berdinetan jardun ahal izateko. Alde bakoitzak 1.000 euro jokatu zituen dirutan.

Era modernoko bakarkako lehen apustua zen. Zaleek ez zuten hutsik egin, eta kirolariek ere ez. Azkenean bien artean azken denboraldian egon den alderik handiena izan zuten atzokoan, baina biek zuten guztia eman zuten, eta zaleek hori eskertzen jakin zuten.

Murueta aurtengo denboraldian dena irabazita zetorren, eta, normala den moduan, hasierako dirua bere alde zegoen. Lan erdietarako, ordea, Zubiagak tartea egina zeukan, eta hortik aurrera ez zen dirurik jokatu.

Zubiagak bota zion desafioa Muruetari, bigarren izan baitzen bera Euskal Herriko Txapelketan. Errebantxa nahi zuela esana zuen, eta atzokoan hartu zuen. Hasieratik jo eta su jardun zuen lanean. Aldeak jarri nahi zituen, aurkariari aldea kendu nahi zion, horrela norgehiagoka hobeto kudeatu ahal izateko.

Murueta saiatu zen aurkariari jarraitzen, eta, hasiera batean lortu baldin bazuen ere, gero aldea kentzen joan zen Arratzukoa, eta, lan erdietarako, harriz aldatu ziren unerako, alde handia zuen Zubiagak. Eta hor hasten da tarterik okerrena, bigarren zati horretan: ordurako nekearen eragina ere nabarmena izaten da, eta bientzat izaten da zailena, baina, batez ere, atzetik doanarentzako.

Arratzukoak ederki kudeatu zuen aldea bigarren zatian. Bazekien apustua eramango zuela zerbait gertatu ezean, eta horixe egin zuen, amaiaren historiara pasatuko den apustua irabazi baitzuen. Muruetak ere zuen guztia eman zuen, baina aurretik esana zuen denboraldia luzetxo ari zaiola egiten, eta agian hori ere nabarituko zuen. Hala ere, biek egindako lanak ez zuen izan inongo aitzakiarik, eta hori zaleek ere ederki ulertu eta eskertu zuten. 8 zulo eta 0,9 zentimetroko marka egin zuen Zubiagak eta 6 zulo eta 11,5 zentimetroko marka izan zen Muruetarena.