Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Jose Miguel Barandiaranen ereduak eta ondareak bizirik diraute

Etnografo eta antropologo ataundarra hil zela 25 urte bete ziren atzo. Haren irudia balioetsi eta omentzeko, bere izena daraman Fundazioak ekitaldi instituzionala egin zuen Jose Miguel Barandiaranen azken urteen lekuko izan zen Sara Etxean. Kulturaren eta ezagutzaren alorreko hainbat aurpegi ezagunekin batera, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea ere bertaratu ziren euskal kulturaren aitalehena gogoratzeko.

Fede eta zientzia gizona, apala, jakintsua, ikertzailea... Dozenaka hitzek defini dezakete Jose Miguel Barandiaran, eta haietako asko entzun ziren atzo Ataunen egindako omenaldian. Bere heriotzaren mende laurdena osatu zen egunean, langile nekaezina eta hark utzitako ondarea gogora ekarri zuen Jose Miguel Barandiaran Fundazioak. Urteurreneko jarduerak amaitzeko, euskal gizartearen ordezkaritza zabala gonbidatu zuten ataundarraren azken urteen lekuko izan zen Sara Etxera, Barandiaran «euskaldun guztiona» eta «Euskal Herri osoaren ondarea» dela aldarrikatzeko.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako presidentea ekitaldiaren buru izan ziren. Omenduak askotan egindako etxe aurreko bidea ibili zuten Markel Olano diputatu nagusia, Fundazioko presidente Josemari Velez de Mendizabal eta Ataungo alkate Asier Rodriguez alboan zituztela. Etxearen lorategian jarritako karpan zain zituzten beste kargu politiko batzuk eta hainbat jakintza nahiz kultur alorretako aurpegi ezagunak, hala nola Etxepare Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga, Iñaki Perurena eta Jesus Altuna antropologoa.

Apala eta langile nekaezina

Goiz hotza epeldu zuten hitz beroz bete zuten «ekitaldi xume eta goxoa». Hizlariek euskal kulturaren aitalehentzat jotzen denaren irudia marraztu zuten. Rodriguez alkateak Barandiaran eta Ataun «bikote banaezina» direla esan zuen, baita herriak asko zor diola ere. Etnografoak apaltasuna handik gertu zuen jaiotetxeko sagarrondoen aurrean ikasi zuela argitu zuen pasadizo batekin. «‘Sagarrondoak zenbat eta beteago, apalago’. Ondo bereganatu zuen amak irakatsitakoa, apaltasuna izan baitzen egin zuen ibilbide oparoaren eta lan eskergaren ezaugarri nagusia». Umil, baina etengabe lanean, oztopoei aurre egiteko indarra izan zuen Barandiaranek; ikertzen jarraitu dutenentzat oinarria jarriz eta bidea urratuz. Gainera, obretan bezain oparo izan zen giza balioetan ere. Haiek gogora ekarri eta «gizartean ereiten jarraitzeko» lanean dihardu bere Fundazioak; Velez de Mendizabalen hitzetan, «sortzailea bezala, beti lanean, euskal gizartearen aldeko jardunean». Ataundarraren ondare eta eredua nabarmendu zituen Urkullu lehendakariak ere eta aitortu zuen «balio horiek berrartu behar ditugu, gaurkotu, ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko».

Jentilbaratzan egin zuen lehen ikerketa, Aralar mendiaren Gipuzkoako aldean hainbat indusketa, eta Nafarroako zenbait txokotara ere heldu zen. 1936ko gerrak lan horiek eten zituen eta Sarako erbestea ekarri zion Barandiarani. Barkos presidenteak garai horiek hizpide izan zituen, Nafarroarekiko lotura «sendo eta iraunkorra» aipatuz, baina, bereziki, euskararekikoa eta euskal kulturarekikoa. «Euskararekiko eta euskaldunondako maitasuna bizi-bizi ageri da haren lan guztietan eta haren ekarpen herrikoienetako batzuen erdigunean dago. Hala nola, euskal substratu kulturaleko mito eta kondairen bildumetan». Azken lan hauei helduta, Begibakar, Mari edo Basajaunek bat egin zuten Barandiaranekin Ataungo Jentilbaratza Elkarteko zenbait kidek egin zuten mitologia-antzezpenean.

«Ataundar unibertsalaren» irudi globala eraikitzen laguntzeko xedez, “Europa, Barandiaran eta balioak” mahai-inguru sorta gauzatu du Fundazioak Euskal Herriko bost hiriburutan. Bertako zenbait ekarpen gogora ekarri zituen Argitxu Camusek, aktibista soziala eta zientzia fedearekin uztartzeko gai izan zela azalduz.