Nerea GOTI / Nagore BELASTEGI
SANTO TOMAS EGUNA

Kalean lasai ibiltzeko aukera eman du urteroko feria jendetsuak

Badago Euskal Herrian gabon usaina duen feria. Talo, txistorra, gaztain eta sagardo usaina duena. Santo Tomas eguna da hori. Baserritar jantziei astindua emateko garaia izaten da abenduaren 21a. Donostian eta Bilbon ospatzen da batez ere, eta gaur Arrasatek ere bat egingo du ospakizunarekin. Konturatu ordurako, Olentzero ate joka dugu.

“Potxola” txerria protagonista zen atzo Donostiako Santo Tomas egunean, eta haren inguruan biltzen zen jende gehiena Konstituzio plazan. Hala ere, gero eta agerikoagoa da festa Alde Zaharretik atera eta hiriko beste txokoetara barreiatzen ari dela. Gipuzkoa plazan talo zein pintxoak lasai asko jateko lekua zegoen, bertan txistorra lehiaketa egiten duten arren. Okendo plazan jende gehiago zegoen, haurrak batez ere, abere erakusketa baitzegoen. Ez da arrunta Maria Cristina hotelaren eta Victoria Eugenia antzokiaren artean halako animaliak ikustea.

Zuloaga plazan arnasa hartu zezaketen familiek, haurrentzako txokoak zeudelako baina jende askoz gutxiagorekin, festaren erdigunetik hain gertu egon arren. Txalaparta tailerrean parte hartu zezaketen txikiek, helduek txorimalo erakusketa ikusten zuten bitartean.

Beldurrez bezala sartzen zen jendea Alde Zaharrera, bertan aurkitzea espero zuten jendetzarengatik, baina gune hori ere lasai zegoen. Trinitate plaza inguruko tabernetan jende gehiago biltzen zen, ohikoa denez, are gehiago bertan emakumeen I. pilota eta aizkolari txapelketa jokatzen ari zirelako.

Festa giroaz oraindik lasaiago gozatu nahi zuenarentzat, Amara auzoko Easo plazan beste gune bat zuten prestatuta, presoen aldekoa kasu honetan. Alboan, geltokiaren irteeran, Satorralaiakoak zeuden Metroaren pasantearen kontrako protesta egiten. Erdigunera pasantearen beharrik gabe iritsi zen 200 milioigarren bidaiariari –gerturatzen zen edozeini– domina bat eman zioten, txalo artean. Jai egunaz baliatu ziren protesta umore onez janzteko.

Bestalde, gipuzkoarrek oraindik baserritarren festaz gozatu dezakete gaur, santamasak ospatzen dituztelako Arrasaten. Bertan, egun bat beranduago egiten dute, garai batean baserritarrak hiriburuan egon ostean Debagoieneko herrira joaten zirelako produktuak saltzera.

Bilbon, indabak nagusi

Donostian bezalaxe, Bilbon ere giro handia izan zen, jendea han eta hemen, baina ez beste urteetako jendetzarik. Lasai ibiltzeko parada izan zuten erosleek, saltokietako produktuak behar bezala ikusteko moduko egun paregabean. Agian, goizean egin zuen euriak giroa apaldu zuen, baina eguerdirako Plaza Barria jendez gainezka zegoen.

Saltzaileekin hitz egiteko arazoak badaude lanpetuta dauden seinale da, eta Bilbon eguerdi aldera zaila zen hitz egiteko parada zuen saltzaile bat topatzea. Barazki, fruta, gazta, pastela, eztia… saltokietan eta txosnetan ez zen lanik falta.

Areatzan, azken 40 urteetan santotomasetan behin ere huts egin ez duen Juani Larrazabalek komentatu zuen azokak hasiera hotz bat izan zuela baina animatzen hasia zela eguerdi aldean. Madariaga baserriko ekoizleak argi dauka indabak direla azokako protagonista nagusiak. Ikusteko moduko tipulak, piperrak eta letxugak ere salgai zituenak azaldu zuen urtearen arabera emaitzak desberdinak direla baina Gernikakoaren ondoan Santo Tomas azokak jarraitzen duela hitzordu nagusietako bat izaten, baserriko elikagaiak produktu preziatuak direlako.

Azokako beste saltoki klasiko batean, Magalarte baserrikoan, talo usaina barruko osagaien usainarekin nahasten zen. Santo Tomas azoka sortu zenetik Iñaki Aretxabaletaren familiak ez du inoiz huts egin. «Lehenengo Santo Tomas egin zenetik urtero etorri gara, eta uste dut 1948an izan zela lehendabizikoa», azaldu zuenez. Amamak hasi, aita-amak jarraitu eta orain Iñaki Aretzabaletak berak jarraitzen duen tradizioa aldatu da urteekin. Garaiko argazkiei begira ikus daitezke izandako aldaketak, orduan barazkiak eta animaliak baitziren azokako protagonistak. Beraien kasuan ez dira beti taloak prestatzen aritu, baina zioenez amama izan zen txorizoa eta abarrekoak eramaten aitzindarietako bat. Etxean txerria hil berria zutela, bururatu zitzaion txorizo batzuk azokara eramatea eta «hortik aurrera jarraitu du ohiturak, baina gurea zen txorizoa zeukan postu bakarra», gogoratu zuen lezamarrak. Gaineratu zuenez, 80ko hamarkadan hasi zen zabaltzen azokan taloa dastatzeko ohitura.

Azoka beranduago ezagutu duten ekoizle gazteek giroa beste urte batzuetan baino apur bat «flojoago» ikusi zuten. Eztia eta erregina-jelea saltzen zuen Ekaitzek argi zeukan euriak moteltzen duela giroa. Garaiko produktua da eztia, aproposa neguko katarroei aurre egiteko, baina zehaztu zuen barazkiak, gazta eta pastelak direla azoka honen izarrak salmentei begira.

Ez dira oso ohikoak azoketan baina Gabonetan etxe askotan tradizio handia izan duten barraskiloek erosle ugari erakarri zuten Urduñatik joandako Barraskibideren saltokira. Hamar bat urte daramate Lendoñoko ekoizle ekologikoek beren produktuak Santo Tomasera eramaten, eta azaldutakoaren arabera, publikoak eskertzen ditu tradiziozko jakiak, adinekoek tradizioa ezagutu eta gogoan dutelako eta gazteenek tradizioa gorde nahi dutelako.

Egunaren martxarekin pozik, euritakoa gordetzearekin azokak erosle eta festazale ugari erakarri zuen arratsaldera arte, eta girotze horretan lagundu zuen Bilboko Konpartsek prestatutako egitarauak, besteak beste erromeria antolatua baitzuten.