Ramon SOLA
PRESOEN ALDEKO EKIMENAK BARRA-BARRA

350 AULKI HUTS GABONETAKO MAHAIAN

Hiru mahai luze, zenbaki bat osatuz: 350. Beren etxeetan ez daudenen biltoki bihurtu zen ATZO EGUERDIAN USURBILGO KALERAGUNEA, NOIZ ETA GABONETAKO EGUN HANDIAN. BEZPERAN, ESPETXERA HELDU ZEN SOSTENGUA, ESTATU ESPAINOLEAN DIREN PRESOEK GUZTIAK BATZEKO ESKATU DUTEN ZABALLARA ZEHAZKI.

Orduan hutsik ziren 564 oheak oroitu zituen Hertzainak taldearen kantu ezagunak 1990. urtean. Euskal preso politikoen kopuruak gora eta gora egin zuen hurrengo urteotan, 2008an goia jo arte: 750 baino gehiago. Egun, ETAren borroka armatua amaitu zenetik bost urte baino gehiago igaro direnean, oraindik 350 euskal preso inguru dira kartzeletan. Eta ondorioz, Juan Mari Olanok Usurbilen atzo adierazi zuenez, «gure herri honen historia zaharrean behin eta berriro bizi dugun sentsazioak» hor darrai. Tristura, batetik; behingoz kaleratzeko grina, bestetik.

Egun bereziotan, euskal presoen auzia behingoz konpontzeko aldarriak indar handia hartu ohi du: elkarretaratze jendetsuagoak, gutun gehiago, Olentzeroren kalejiretan elkartasun seinaleak, zenbait espetxetara eginiko martxak... Nahiko egonkorra eta ezaguna den egitarauan ekimen berri eta adierazgarria antolatu zuen Kalera Kalera ekimenak, Usurbilen paratu duen gunean. «Ez daudenen mahaia» osatu zuen, juxtu euskal etxe gehienetan bazkari berezietarako prestaketak egiten ari ziren unean.

Mahai luze batek 3 zenbakiaren forma hartu zuen. Erdikoak, 5 zenbakiarena. Eta, azkenak, 0 zenbakiarena. Hiruretan, plater eta edalontzien ilara luzeak, hutsik, aulkiak noiz beteko zain. «Ahalik eta azkarren», eskatu zuen Olanok, Kalera Kalera ekimena horretarako ari baita lanean. Ez lukete tristura sentimendu ezagun berbera «hurrengo urtean, eta hurrengoan, eta hurrengoan ere...» sentitu nahi.

Bakea eta askatasuna

Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxera ekartzeko ordua dela eta horretarako ahaleginak biderkatu behar direla nabarmendu zuten Usurbilgo ekitaldi xumean.

Egunotako berezitasunari helduz, Gabonetan “bakea” hitza hango eta hemengo mandatarien ahotan izaten dela gogora ekarri zuen Juan Mari Olanok. Horien guztien artean, hala ere, badira «gerrak antolatzen dituzten gobernariak, arma fabriketako enpresetako zuzendariak, haurrak esklabotzan izaten dituztenak... Horregatik, maltzurki erabiltzen dute hitz hori. Guk ez dugu ‘bake’ hori nahi, benetako bakea eta askatasuna nahi ditugu. Ez dago bakea eraikitzerik askatasunaren gainean ez bada», argudiatu zuen. Horixe da, hain zuzen ere, Kalera Kalera ekimenaren leloak markatzen duen helburua: «Bakea eta askatasuna irabaztera».

Presoak «inoiz baino gehiago gogoan ditugun»&flexSpace;urteko garai honetan, espetxeratuen senide eta lagunak ere aipatu zituen Olanok, bisitak egin ahal izateko jasan behar izaten dizuten arriskuak direla eta. Palestina edota Kurdistaneko preso politikoak ere gogoan izan zituen, eta «jo eta ke etxera ekarri arte!» oihukatu aurretik, lanean segitzeko deia egin zuen, «etorkizuna ez dago idatzita» nabarmenduz. Egitarau oparoa du Kaleraguneak hurrengo egunotan ere.

Larunbatean, ehunka lagun Zaballako espetxeraino heldu ziren, Sortuk deituriko mobilizazioan (hurrengo larunbatean, urteko azken egunean, Martutene eta Basaurira joango dira). Zaballan Pello Otxandianok ziurtatu zuenez, jada duela zazpi urte irekitako prozesua itxi egin behar da, presoen auziari helduz, oraindik estatuek jasanarazten dieten egoerak «inolako justifikaziorik ez duelako».