Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Charles Albertek bere bigarren 8c blokea oinutsik sinatu du

20 urteko blokeko espezialista frantziarrak Fontainebleauko Gros Sablons sektorean dagoen «La Revolutionnaire» blokearen lehen igoera egin du. Urte eta erdiko tartean, hogei saio egin behar izan ditu.

Charles Albertek berriro ere protagonismoa hartuko du lerrootan. Bere ibilbidea bitxia da oso. 20 urte besterik ez ditu, eta duela lau urte blokeak oinutsik eskalatzen hasi zen. Estilo horretan jarduten dutenak bakan batzuk baino ez dira, baina frantziarraren kasuan aipatu behar da muturreko blokeetan buru-belarri murgiltzen dela.

Fontainebleau bere “etxea” da, eta azken urte honetan izen handia hartu du. Zergatik den hori? Bada, dagoeneko 8c zailtasuneko bi bloke egin dituelako. Bai, oinutsik. Azkena, “La Revolutionnaire” izan da. Bloke hori Gros Sablons sektorean da, eta aurreratu behar dugu espezialista honek bloke horren lehen igoera egin duela.

“La Revolutionnaire” patrikara sartu bezain laster zera adierazi du: «Bloke hori probatu duen eskalatzaile bakarra izan naiz. Urte eta erdiko esfortzua izan da, eta, guztira, hogei saio behar izan ditut. Oso-oso gogorra zen, oinutsik egiteko ere muturrekoa iruditu zitzaidan. Eta horretarako, bloke hori gainditu ahal izateko, oso sasoi onean egotera iritsi behar izan naiz».

Bigarrena

Lehen adierazpen horiek egin eta gero, Albertek gehitu du “La Revolutionnaire” blokea 8c gradukoa iruditu zaiola. Zailtasun hori baieztatuko balitz, gazte frantziarraren bigarren 8c blokea izango litzateke.

Alberten lehen 8c-a “L´alchimiste” izan zen. Iazko neguan eskalatu zuen. Bloke horren inguruan gogora dezagun hainbat helduleku puskatu ondoren Nalle Hukkataival eta Alban Levier espezialistek “L´alchimiste” igo eta 8c bezala utzi zutela.

Alabaina, Albertek oinutsik eskalatu zuen, eta azpimarratu ere bloke horrentzat 8b+ gradua egokiagoa zela.

Oinutsik eskalatzearena berezia da oso, eta, beraz, espezialista askok dioten modura bloke baten inguruan zailtasuna ematea asko aldatzen da. Gogora dezagun protagonista honek pasa den otsailean “Le pied a coulisse” blokean arrakasta izan zuela. Guillaume Glarion-Mondet izan zen hura igo zuen lehena. Bigarrena, berriz, Albert, baina honek beste metodo bat erabili zuen: «Nik egin nuen bezala ezin da katu-oinekin egin. Eta nire metodoarekin uste dut 8b+ dela».

Irakurri bezalaxe, katu-oinekin edo oinutsik egiten diren blokeen graduen inguruko eztabaida zabalik dago. Momentuz, honakoarekin geratuko gara: Albertek “La Revolutionnaire” blokearen (8c) lehena egin du.