Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Sekulako ikuskizuna Nazaren: Jamie Mitchell australiarra nagusi

Munduko olatu handien itzuliko hirugarren proba Jamie Mitchell australiarrak irabazi zuen. Mota honetako txapelketa bat Portugalgo urautsian egiten zen lehen aldia zen eta sekulako arrakasta izan zuen. Olatu handiak, erorketak, eta arriskua, zinez ikusgarria izan zen.

Big Wave World Tour 2016/2017 olatu handien munduko itzulia sekulakoa izaten ari da. Hego hemisferioko itzulia osatzen duten hiru txapelketetatik bakarra egin ahal izan zen, baina berau itzelezkoa izan zen. Ipar hemisferioko txapelketen itxaronaldi epea urrian hasi zen eta jada ipar hemisferioko hiru txapelketetatik bi egin ahal izan dira. Azkena pasa den abenduaren 20an egin zen Portugalen eta ikaragarria izan zen.

Guztira sei txapelketek osatzen dute 2016/2017 sasoiko BWWT itzulia: hego hemisferioko hiru urautsi eta ipar hemisferioko beste hiru urautsi. Hego hemisferioko txapelketak egiteko epea pasa den urrian amaitu zen eta txapelketa bakarra egin ahal izan zuten, ekainean Puerto Escondidon (Mexiko) egin zena. Hego hemisferioko beste bi txapelketak, Punta de Lobos (Txile) eta Pico Alto (Peru), ez ziren egin, behar adinako itsaskirik sartu ez zelako.

Puerto Escondido, bikain

Puerto Escondidoko txapelketa sekulakoa izan zen. Lehen aldia zen mundu mailako olatu handietako txapelketa bat bertan egiten zena. Aurretik inoiz ez da halako txapelketarik egin hondartza batean.

Olatu handiak hartzeko leku seguruenak hondoan haitza duten lekuak dira, barruratzeko ubide bat eta olatuak lehertzen ez diren eremu seguru bat izaten dutenak. Hondartza batean ordea, ez dago eremu segururik eta horrek ikusgarriagoa bilakatu zuen txapelketa.

Mexikon sekulako itsaskia izan zen, olatu oso handiak eta borobilak, eta Grant Baker hegoafrikarrak irabazi zuen. 2013/2014 itzuliko txapela eskuratu zuen lehiakide berak. Baker, gainera, egun lehen postuan da BWWT rankingean.

Pe'ahi, nahiko ondo

Jarraian, ipar hemisferiokoen txanda izan zen. Aurten bigarren aldiz egin da Hawaiin den Pe'ahi urautsi famatuan olatu handietako txapelketa. Ikusgarria izan zen hau ere, baina ez iazkoa bezain bestekoa.

Iaz atxiki zuten Pe’ahi BWWT zirkuituan eta ikusmin handia sortu zuen, zeren orain gutxi arte Pe’ahiko olatuak soilik uretako moto baten laguntzaz hartzen zituzten. Iaz, ordea, marka guztiak hautsi ziren, aspaldi izan zen itsaskirik handiena sartu zen Hawaiin eta lehiakideek frogatu zuten Pe´ahin arraun eginaz surf egin daitekeela.

Pe´ahin parte hartu zuten 24 lehiakideen artean bertako surflari bat gailendu zen, iazko txapelketa irabazi zuen lehiakidea hain zuzen ere, Billy Kemper, eta bigarrengoz Pe’ahiko txapela eraman zuen hawaiiarrak.

Pe’ahin aurten izan zen beste berezitasun bat nesken txapelketa izan zen. Oso urriak izaten dira neskentzako egiten diren olatu handietako txapelketak, baina azken urteetan nesken olatu handietako surfak indarra hartu du eta ostiralean Pe’ahin erakutsi zuten moduan, sobera dohain dute muturreko baldintzetan aritzeko.

Paige Almas izan zen nesken kategorian Pe’ahiko txapela irabazi zuen lehiakidea. Mauiko bertako surflari honek gainerako lehiakideek baino hobeto kokatzen jakin zuen, eta horrela, olatuak hartzerakoan justu egon behar zuen lekuan zegoen. Dudarik gabe, urautsia oso ongi ezagutzen duela erakutsi zuen.

Nazare, ezin hobeto

Hawaiiko txapelketaren ostean Portugalen txanda izan da. Arraun eginaz hartutako munduko surf txapelketa bat egin zuten lehen aldiz abenduaren 20an Nazaren. Lehiaketa honek sekulako ikusmina sortu zuen mundu osoko ikusleen artean, baina Portugalgo urautsiak ez zuen huts egin.

Iaz Pe’ahin mugak gainditu ziren, zeren hain ziren handiak olatuak, ezen gizaki batek arraun eginaz hartzeko ezinezkoak ziruditen. Lehiakideak ez ziren kikiltzen ordea, eta beraien bizia arriskuan jarriz olatu garaienak jaisten saiatzen ziren.

Pe’ahiko lehiaketa historikoaren ostean arraun eginaz hartzeko olatu “ezinezkoen” zerrendan hurrengo urautsia Nazare zen eta aurten proba egin dute. Itsaskia ez zen Hawaiikoa bezain handia izan, baina sekulakoa izan zen, oso bortitza.

Portugalen ura hotz dago eta horrek olatuen indarrean eragiten du, zeren dentsitate handiagoa du urak eta ondorioz olatuak pisutsuagoak dira. Bestalde, olatuen arteko distantzia Hawaiikoa baino laburragoa da eta hori garrantzitsua da, zeren surflari batentzako arriskurik handiena olatu batean erori eta ur azalera atera aurretik hurrengo olatuak azpian antzematea da. Halako kasuetan bizia bera ere jartzen dute arriskuan.

Jamie Mitchell nagusi

Baldintza oso zailak ziren Nazaren eta lehiakide guztiak tentu handiz ibili ziren, baina izan ziren gehiago arriskatzeko ausardia izan zutenak eta haien artean zen Jamie Mitchell.

Txanda guztietan gailendu zen australiarra, sekulako teknika erakutsi zuen, eta horrela, gainerako lehiakideei alde handia atera zien. Ezbairik gabeko irabazlea izan zen Mitchell.

Itzelezko denboraldia

Aurtengo olatu handien itzulia, beraz, sekulakoa izaten ari da eta oraindik ez da bukatu, Todos Santoseko txapelketa falta da, baina lehiaketa hau egin ahal izateko beharrezkoa da itsaski sendo bat sartzea otsailaren 28a baino lehen.

Nazareko txapelketaren ostean Grant Baker hegoafrikarra da buru BWWT rankingean. Todos Santoseko txapelketa egiten ez bada, bera izango da aurtengo txapelduna, baina Kalifornia Behereko urautsian behar bezalako itsaskia sartu eta txapelketa egiten bada, orduan rankingeko postuak alda daitezke, eta noski, baita aurtengo txapelduna ere.

Honi buruzko guztia: Surf