GARA
PEKIN

Txinak indar erakustaldia egin du Ozeano Barean Trump Etxe Zurira heldu aurretik

Donald Trump AEBetako presidente kargura iritsi baino aste batzuk lehenago, Txinak bere indar militarraren erakustaldia egin du «Liaoning» izeneko hegazkin-ontzia lehen aldiz Ozeano Barera eramanez. Gainera, FC-31 ehiza-hegazkin berriak bere lehen probak ondo gainditu dituela jakinarazi du Pekinek. Aipatu erakustaldia Trumpen adierazpenak direla-eta munduko bi potentzia nagusien arteko harremanak oso egoera txarrean daudenean iritsi da.

AEBetako presidentetzarako hauteskundeak azaroaren 8an irabazi zituenetik behin baino gehiagotan salatu izan du Donald Trumpek Txinako Gobernua. Azken lau hamarkadotako ildo politikoa alde batera utzi eta telefonoz hots egin zion Tsai Ing-wen Taiwango presidenteari ere, Pekingo agintarien haserrea eragiteko. Izan ere, Txinak debekatuta dauka bere atzerriko bazkideek uharteko agintariekin harreman ofizialak izatea, Taiwan ere Txina delakoan. Baina Queensen jaiotako dirudunak, telefonoz deitzeaz gain, krisia larriagotu egin zuen aipatu zuenean AEBen eta Taiwanen arteko balizko hurbilketa bat.

Kontuan hartu behar da Pekingo agintariek ez dutela inoiz baztertu uhartea berreskuratzeko indar militarra erabiltzea. Gaur egun bi estatu ezberdin dira Txina eta Taiwan, eta egoera ez da aldatu komunistek 1949an gerra zibilean garaipena lortu zutenetik.

Testuinguru horretan sekulako garrantzia ematen diete begiraleek Txinak duen hegazkin-ontzi bakarraren mugimenduei. “Liaoning” ontzia Errusiak saldu zion Txinari. Txinatarrek 2012an itsasoratu zuten lehen aldiz, baina orain arte Ozeano Barera joan gabe zegoen.

Taiwango Defentsa Ministerioak jakinarazi du “Liaoning” ontzia eta bere eskolta dagoeneko Hego Txinako itsasoan direla, Japoniako hegoaldean nabigatu ondoren.

Xinhua Txinako berri agentziak emandako informazioaren arabera, egungo maniobrak egiten hasi aurretik, «hornikuntza eta aire borrokako ariketak» egin zituen hegazkin-ontziak. Orain dela bi aste Pekinek ezagutzera eman zuenez, ontziak hamarren bat misil jaurti zituen bere ariketen artean. Edonola ere, Txinako agintariek ez diete garrantzia handirik ematen mugimendu horiei, ohiko ariketak direlakoan, «aspaldi aurreikusitakoak».

Txinako hedabideek, aldiz, “Liaoning” ontzia borrokarako prest edukitzea ospatu egin dute eta nabarmendu dute herrialdea beste hegazkin-ontzi bat egiten ari dela. “Global Times” egunkariak esan du Txinak lortzen badu bere ontziek AEBek beren interesak dituzten eremuetan nabigatzea, horrek «aldatu» egingo duela «AEBek Txina estutzeko duten era». Agintarien inguruko kazetak erantsi du ezinbestekoa dela Hego Amerikan Txinak bere hegazkin-ontzientzako baseak izatea.

China Policy ikerketa zentroko David Kelly analistak uste du Txinaren armamentuaren garapenak ez duela Washington beldurtuko, «baina gogoraraziko dio arerioak eskualdean presio tresna bat duela».