Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Eskubideak

Giza eta bestelako eskubideetan, Estatu frantsesa aditua; eta herritarrak, balio horiek eskolan ikasiak. Alta, gero eta jende gehiago karrikan bizi, etxebizitza eskubidea okertzen joan da, gobernuek ez dute jakin arazo horri aurre egiten. Ondorioz, gaur egun sekula baino egoera larriagoa bada, eskubidea ez dela bermatua erratea gutxienekoa da. Elikatzea arazo bihurtu zen, Bihotzeko Ostatuek ez dute atea hetsi, urtetik urtera beharrak emendatuz doaz, beste egiturak aipatu gabe. Oinarrizko eskubideak ez badira bermatzen zer gizarte mota da gurea? Horrelako injustiziek muturretako erreakzioak sortuko dituzte iraganeko politiken porrotengatik, hautetsontzietan ere bai.

Abendua preso, iheslari eta deportatuen aldeko mobilizazioen hilabetea izan da. Amnistiatik, amnistiaren bideetara, Kalera Kaleratik bake eta askatasunera. Kolektiboak ahaleginetan aritu dira presoen arazoa agendaren erdigunean jartzeko. Zazpi gazte Parisera joan dira oinarrizko eskubideak Parisek ere errespetatu behar dituela erratera. Baina atxilotu eta isuna ezarri. Hau da joan zaigun urteak erakutsi diguna. Alegia protestatzea, egoera bat salatzea, gero eta tresna gehiagorekin zapaltzen dutela.

Urte berria zaila eginen zaigu; alde batetik, hauteskundeak direla-eta lehia handia izanen baita, prentsaren bitartez, frantses alderdi nagusien artean. Eskuin muturreko ideologiaz blai jarriko gaituzte eta elkartasun mezuak laino horien pean geldituko dira. Eskuin muturreko ideiak hedatu dira, alderdi handi guztietan, bai lanaren erreformarekin, bai erretreten inguruan, eskubide sozialen urraketa itzelak gertatu eta gertatuko dira. Eskubide politikoen urratzeak horiekin datoz. Politika sozial berrien kontra ekintzaile izatea zapalduagoa baita. Bi euskal herritarrek Greziara joanez eta errefuxiatuen alde ekinez gogoratu digute elkartasuna ekintzez erakusten dela, legearekin bat ez badator ere. Eskubideak borrokatuz lortzen baitira.

Urte berria opa diezaiogun gure herriari, askatasun taupadak indartu ditzagun, Saioa, Alaitz, Manu, Alberto, Felix eta beste guztiak gurekin, hau izan dadila gure eskubideen agenda.