GARA
BILBO

Beasainen gizon bat atxilotu dute sexu eraso bat egotzita

Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du Beasainen, Bilbon abenduaren 6an gertatutako sexu eraso baten ustezko egilea delakoan. Bizkaiko hiriburuko Poliziaren egoitzan dute, epailearen aurretik pasatu zain.

Iragan abenduaren 6ko goizaldean Bilboko Casilda Iturrizar parkean gertatutako sexu erasoaren ustezko egilea atxilotu du Ertzaintzak. Segurtasun Sailak jakinarazitakoaren arabera, atxiloketa astelehenean egin zuten Beasainen, Bilboko ertzain-etxeko poliziek egindako ikerketei esker.

Segurtasun Sailak berak ohar batean gogorarazi zuenez, aipaturiko sexu-erasoaren biktima 19 urteko neska bat da. Salaketaren berri izatean abiatu zuen Ertzaintzak ikerketa, neskak ospitalera joan eta bertan salatu baitzuen gertatutakoa. Zabaldutako informazioaren arabera, biktimak lagun batzuekin eman zuen gaua Bilbon, eta Indautxu auzoko lokalen batean egin zuen topo ustezko erasotzailearekin. Goizeko 8.30 aldera Casilda Iturrizar parkeko lorategi batean esnatu zen. Bere ondoan gizonezko bat zegoen. Poliziaren ustez, bertan gertatu ahal izan zen erasoa.

Biktimak ez zuen gogoan gertatutakoa, baina auzitegiko medikuak ikusitako zantzuak sexu-eraso batenak izan zitezkeela baieztatu zuen.