«THE BALDE» ALDIZKARIAK 15 URTEKO IBILBIDEA AMAITUTZAT JO DU
Kultura eta artea modu herrikoian zabaltzea xede zuen argitalpenak azken alea kaleratu du. Euskaraz eta ingelesez idatzia eta doan banatua, hasiberri askori eman die beren lehen aukera. Prekaritateak eta zikloa ixteko beharrak agur esatera eraman ditu.

Adiorik ez, edo bederen, duintasunez agur esan. Horretarako askotariko aukerak bildu ditu bere azken orrialdeetan “The Balde” aldizkari elebidunak –euskara eta ingelesa –. Azaletik beretik hasita: hondoa beltz eta letra zuri handitan hitz bakarra: «Agur». Jarrai zezaketen, 15 urteren ondoren proiektua egonkortua baitago, baina orain eta hemen uztea erabaki dute. Bi arrazoi nagusirengatik, etapa bat ixteko beharra eta kazetaritza, kultura eta arte alorretako prekaritatea. Argitalpenaren ibilbide ia osoan zuzendari izan den Koldo Almandozek azaldu duenez, «ez geunden horrela lan egiteko prest eta kito. Inertzia moduko batean erori gara. Ezin gara beti laguntza eskatzen ibili edo militantziagatik aurrera ateratzen. Horrelako proiektu batean ez du zentzurik».
Intereseko zitzaizkien eduki asko formatu «elitista» eta «garestietan» bakarrik topatzen zituztenez, buelta eman eta modu «herrikoian» banatzea erabaki zuten. Hala, kultur agenda moduan sortu eta 2001eko abenduan argitaratu zuten lehen zenbakia. Ondotik etorri dira bi hilabetean behin beste 89, abendua-urtarrilekoak zikloa itxi duen arte. Ildoa sorkuntzarantz mugitzen joan dira, aldizkarirako propio egindako edukiei bidea emanez. Proiektu irekia izan da eta sortzaile berri gazte askorentzat beraien lanak lehenengoz erakusteko euskarria. Beste batzuei emandako aukeraz «harro» dago Almandoz, oso garrantzizkotzat jotzen baitu. «Gogoan dut ‘Egin’-ek irakurleen argazkiekin orrialde bat argitaratzen zuela eta 17 urterekin-edo bidali eta publikatu zidatela. Detonagailu gisa funtzionatzen du, zeure buruagan sinesten hasten zara eta horrek beste aukeretarako bidea zabaltzen dizu». Hasiberriei tarte handia eman diete, izen ezagunetara jo beharrean, baina hauetakoak bazituzten 100 kolaboratzailetik gorako sarean. Fanzine sistemara egokituta, parte hartze aldakorra izan dute.
«Subertsio proiektua»
Izenak iradoki moduan, musu-truk zabaldu dute; baina horrekin ez dute, ordea, kultura doakoa denik aldarrikatu nahi izan. Inprenta eta kolaboratzaileei «duin» ordaintzeko bideak topatu dituzte; eta ahal izan ez dutenean, proiektua sostengatu duen Eragin komunikazio eta grafikagintza enpresak egin du. Aldizkaria banaketa puntuetan eta harpidetza bidez eskuratu ahal izan da, baita webgunean ere PDF formatuan. Mila harpidedunen bueltan izan dute, hauek azken garaian 15 euro ordaintzen zituzten urteko sei aleak jasotzeko, baina diru hori postan joan da. Nagusiki, diru iturri zituzten banaketa puntuak, publizitatea eta Kultur Sailaren diru laguntza; krisiak gogor murriztu zituenak. Ez da inoiz negozioa izan, ez dute etekin ekonomikoagatik egin; arrakasta mantentzea zen. Almandozen esanetan, «gure satisfazioa da sistema kapitalistarentzat halako subertsio proiektu bat ginela».
Zenbaki bakoitza desberdina egin dute eta hori zuen erakargarri. «Estilo eza» zuten estilo, eta ausart izatea irizpide bakar. «Luxua da gauzak probatu eta beldurrik gabe hanka sartzeko aukera izatea». Denetarik egin dute, asko esperimentatuz. Ez die zuzentasun politikoak eragin, honen indarra hazten doala nabaritu arren, eta alde guztietatik jaso dituzte kritikak. «Beldurrik gabe lan egin dugu eta onartu behar izan dugunean, onartu. Ez gara tematu interes batzuk edo lerro editorial bat defendatzen. Ez dugu izan nahi izan ezeren ez inongo kausaren bozgorailu».
Sorrerako asmoak bete dituzten galdetuta, Almandozek dio halakorik ba ote zuten ez dakiela. «Piszinara salto egin genuen urik bazen jakin gabe eta, agian, 15 urte kostatu zaigu konturatzea urik bazen edo ez». “The Balde”-ren ale guztiak ezagutu edo berrikusi nahi dituztenek webgunean eskura ditzakete, edota paperean jaso 225 euroan, bidalketa barne.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
