Mendi kaxkoen ederra
Txoratzekoa izan da mendiaren ederra, udazkenak eta neguak aurten izan duten lotura hain argi honetan. Noski, txoratzekoak dira, baita, itsasoko olatuen jokoak eta martxa guztia ere.
Baina, aurtengo egun garbi eta konpleto horien emana nahi dut azpimarratu. Azaro erdiko euri pottoloen ondoren, zeru garbi ordeka zabalen emana izan baitugu gozagai: 24 egun tatxagabeak mendi inguruotan; lainoxka ttikienik ere gabe. Hori abenduan, eta urtarril hasieran, jakina, egunik laburrenak beren luzero osoan neurtzeko eta goiza adina arratsa gozatzeko balio dizute.
Goizeko eguzkiaren etorrera hain garbi gutxitan ikusi izan da. Eta arratseko ezkutaldi axkarrari ere, gertutik jarraitu ahal izan diogu. Arratsik laburrenak abenduko lehen 11 egunetakoak izanik, denak jarraitu ahal izan ditugu mendi kaxkoen garbi gardenari esker: 17.48 zuen bere erretiro tokea. Gero ja, santaluzitatik hona, apurka aurrena, minutuka gero, minutua baitu permiso urtarrilean eguzkiak parranda luzatzeko... ba, ordu laurdena irabazi du dagoeneko.
Halere, goizetik bai, goizetik laburtzen joan da azken egunok artio. Goizeko 8.38an azaltzen da eguzki nagia, eta halaxe datorren asteartera arte. Ordutik hasten da puntualitate peskizan. Goizeko ilunkaratxoa hortik aurrera arinduko da, harik eta, noski, lainorik ez bada. Horregatik diot, lainorik gabeko mendi kaxkoen eder garbia hotzikara emateko tamainakoa dela, sakonki eta patxadan, luze gozatzekoa.
«Ta euria noiz?»; hori da gehien entzuten den galdera. Laster etorriko da. Lasai! Iaz 173 egun izan genituen ateri. Urtea bisurtea izanik, gainerako 193 euritakoak. 20 gehiago euridunak, ateriak baino. Euriak konplituko du, ohi duenez, bere ekarriarekin. Lurrazala bezalaxe, landare eta loretxoak egarri ikusten dira: astalarrosa goiztiar bat lore zurixkak zabaldurik genuen Gabonetarako.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
