Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Berotu gabe desizozterik ez!

Gabonetan ohikoa den keria atzean utzi eta urtearen gainerako garaietan ohikoa dugun keriara bueltatu gara. Normalkeriara. Hasiak dira kale bazterreko beira-ontziak ohiko itxura hartzen, joandako egunetan gainezka izan ostean, izkinako aireak berak ere arnasa hartu duela. Kale nagusietako zuhaitzek argia emateari utzi diote; udal langileek inguruan metatutako txori kiskaliak batu dituztela, hor konpost! Honezkero kate luzeetan jarritako bonbillak udal gordailura bildu dituzte, Gabonetako diskurtso-kutxaren ondoan bildu ere. Jaiotzak ere desagertuak dira elizen arkupetik, abereak zoora bueltatu dituztela. Jaiotzako errekatxoa bera ere eraman egin dute, kontuak atera! Eta orain alde zaharreko kaleetan jendea normal dabil, ohiko poltsak eskuan, aurreko egunetan zamalanean ibili eta gero. Keriara buelta.

Han-hemenka Zorionak eta Bakeak opa izatea atzean utzi eta era askotako armagabetzeak eta era guztietako zorionak ospatzeko bideari eustera bueltatu gara. Horretarako, batzuek ospa egin behar dute hemendik! Eta sustraiak hemengo lurrean dituztenak artisau bilakatu! Hortaz, urte berrian plaza askotako azokan, hurbileko baserri-emaitzekin batera, aparteko artisautza izango da erakusgai, nor bere egunerokoan artisau zelan bihurtu, ikasgai! Merkatuaren kontra Azokak garatu!

Politika esaten den esparrutik giro berria nabaria dela esango digute, behin eta berriro, belarriak aspertu arte; beheko Estatuarekiko harremanez ari direla. Bitartean, hangoen helegiteei aurre egiten saiatzen beteko dute hemengo jardunaldiaren gehiena. Amen! Harremanak? Zer eman eta zer hartu, eta zeinek, horixe kontua, urte honetan ere. Desizoztea datorrela? Ez du ematen hemen sortutako beroketagatik izango denik. Hain da hotza klimax politikoa! Tira, harira! 2017a hobetu dezagun!