M. UBIRIA BEAUMONT
PRIMARIAS EN EL PS

Sarkozyren lan eredua bere egiten duten hautagaiok...

Sozialdemokraziak pairatzen dituen ajeak jasan ditu Frantziako Alderdi Sozialistak. Liberalismoaren katixima aintzat hartu zuen alderdiak François Mitterranden garaian, eta azkeneko krisi kapitalistaren eskutik etorri den paradigma aldaketak erabat jokoz kanpo utzi du frantziar sozialdemokrazia.

Duela bost urte lorturiko alternantzia norabide aldaketari ekiteko baliatu ordez, Hollanderen agintaldian egindako pettoek –eta aurrera eraman ez dituzten egitasmoek– guztiz zamatu dute frantziar sozialdemokraten zeharkaldia.

Noraez estrategikoa alde batera utzita, esperientzia hurbiletatik ikasgaiak ateratzeko orduan motel ibili da PS.

Dirudienez, errezeta liberalak gaitzak areagotzeko baizik ez duela balio ulergaitz egiten zaio PSri, eta lehengo lepotik burua, primarioetan lehiatuko diren hainbat hautagaik Nicolas Sarkozyk berak bultzatu eredua sartu dute beren programan. Era horretan, gizartearen zatiketa eta arrakala soziala muturrera eramaten zituen presidentearen afalondoko kontuak irentsiz.

Adibide esanguratsua. Aparteko lanorduei buruz 2007an Nicolas Sarkozyk martxan jarritako egitasmoa bertan behera utzi zuen François Hollandek 2012an. Neurri hori laburbiltzearren, langileak aparteko orduak ahal zituen egin, hobeto kobratuz, eta diru-sarrera horietatik zerga gehiago ordaindu gabe.

Ezkerraren hainbat presidentegaik aintzat hartu dute oraingoan sozialistek azken urteotan behin eta berriro errefusatu duten neurria. Erabakia ulergaitza da oso, bereziki kontuan hartzen bada ildo beretik zihoan azkeneko lan erreformak eragin zuen gobernu krisia.

Zalaparta mediatiko handia eginez eta, seguruenik, ezkertiar askoren etsipen sentimendua areagotuz, bi hautagai esanguratsuk, Manuel Valls sozioliberalak eta Arnaud Montebourg ezkertiarrak, bat egin dute, besteak beste, Marine Le Pen ultraeskuindarrak berak defendatu duen proposamen horrekin.

Sarkozysmoaren legitimazio berantiar horrek desitxuratu du neurri handi batean ezkerrak primarioetan marraztu nahi izan zuen ardatz nagusia, hain zuzen ere, eztabaida soziala. Era berean, 35 orduko asteko lanaldia bertan behera uzteko agindua eman duen François Fillon eskuindarrari bidea erraztuz.

Alboko kalte gisara, atzerapauso berri honek beste hainbat eztabaidaren irismena mugatu dezake. Bereziki Benoît Hammon hautagai ezkertiarrak errenta unibertsalari buruz planteatutako proposamenak zabaldu duen gogoeta zinez interesgarria.

Ororen gainetik, aparteko lanorduen aferan eginiko atzera-buelta horrek sinesgarritasun galera handia dakarrelako eta hautagai progresistak beherapenen garaiarekin mimetizatzeko arriskuan jartzen dituelako. Ideia eta ereduen gaineko eztabaida indargabeturik, hautagaien jarduera merkatu kontuetara mugatuz, alegia.

Eta horretan dabil dagoeneko primarioetara aurkeztuko den zazpikotea: oinarrizko soldataren igoera, langileei egokitzen zaizkien gizarte kotizazioen apaltzea, babes sozialeko ereduaren atxikitzea edota familien erosteko ahalmenaren aldeko neurriak aginduz.

“Aldaketa orain da” leloak duela bost urte irudikatu zituen asmoak noiz geratu ziren galderari erantzuteko zailtasun handiak dituzte PSko hautagaiek. Zailtasunak zailtasun, hauteskunde presidentzialetara bitartean hantxe ikusiko dugu primarioetatik aterako den hautagaia, pagotxa faltsuen denboran murgilduta, «txarrenen artean hain txarra ez dirudiena» hautatzeko gonbidapena zaharberritzeko ahaleginean.

Gezurra badirudi ere, zirt edo zart egiteko unean bezeroak fidelizatuko dituen esperantzara kondenatua dago, gaur-gaurkoz, bizirauteko mirari baten beharra daukan alderdia.