Jon GARMENDIA
Idazlea

Antzerki hotza

Ikastolako garaietan izango zen hotz egunetako euri, elur busti eta elurrari xarma berezia antzeman niona. Gerrako bunker bat zirudien gure lehen eskolak, frankismoaren atzapar debekatzaileetatik babesteko gotorlekua balitz bezala, zinema zahar baten azpiko aldea zen, ez geneukan ia leihorik kanpora begiratzeko, eta itsatsia zeukan bolatokian sartzen genuen haize dosia biriketara. Legeari iskin egiteko «Catequesis parroquial» gisa sortu zuten, sakristia ere baliatzen zen hezkuntzarako, eta inguruko herrietan bezala hura zen euskarazko eskola. Trantsizioaren urteek, ordea, eraikin berri bat ekarri ziguten opari, kristala nonahi eta leiho erraldoiak zeuzkana. Eta handik ikasi nuen euriari, haizeari, eta elurrari begiratzen, Lourdes Iriondori esker, gure andereñoa zela. Xabier Lete ere askotan etortzen zen antzerkitxo batzuk sor genitzan, eta ezertarako gogorik ez geneukan egun horietako batean argudiatzen hasi zitzaizkigun ikastola ondoko baserrikoak belarra biltzen mela-mela nola zeuden, haiek ere ez zutela gogotik egingo, beharrezkoa zelako baizik, eta guk zortea geneukala, irudi eder hori giro epeletik ikusteko. Etxean baneukan nahiko baserri nik, eta agian horregatik ez nituen begiratu ere egiten ordura arte, baina ordutik aurrera askotan, haize egunetan, elurretan, hotzarekin... Leihotik begira jarraitzen dut oraindik, besteekin alderatuz daukadan onura baloratzeko beharbada. Hotzez hiltzen (literalki) ari diren errefuxiatu horiei begira, ordea, zortearen ordez inpotentzia sentitu dut, higuina, egoera amorragarria baita, baina salaketa zutabe hau idatzi, kontzientzia lasaitu, eta eguneroko antzerkia antzezten jarraituko dut nik ere.