Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Martxan da Elkar Fundazioaren ipuin eta ilustrazio lehiaketa

Haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta sormena bultzatzea helburu, Ipuin eta Ilustrazio Lehiaketa antolatu du Elkar Fundazioak bederatzigarrenez. Partaideek Ana Jakak edo Ainara Azpiazuk egindako lanak iradokitakoa marraztu edo idatzi beharko dute.

Elkar Fundazioak 9. urtez abiarazi du Ipuin eta ilustrazio Lehiaketa. 6 eta 16 urte arteko haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna eta sormena sustatzea xede duen egitasmoak diziplina horietako egileei lan bana eskatu ohi die. Aurten Ana Jaka idazle andoaindarrak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaile hernaniarrak izan dute aukera. Azken honek, gainera, kartela egin du; amak kontatu ohi zien “Zazpi antxumeak eta otsoa” ipuina ardatz hartuta.

Hiru ariketa proposatu dituzte, partaideen adinaren arabera. 10 urtetik beherakoek Jakaren “Haur bat espazioan” kontakizuna ilustratu beharko dute. Ilargira bidaiatu nahi duen haur zuri-zuri baten istorioa da, «dibertigarria, sentimendu onak sortzen dituena eta marrazteko motibagarria». Bi gairi buruz idatzi duela azaldu zuen Jakak: Ezberdina izatea ez dela arazo, abantaila izan daitekeela; eta adiskidetasunaren balioa. «Ez errukia, ez elkartasuna bakarrik; enpatiaz harago, ezberdinekiko sinpatia bultzatu nahi izan dut». LH5 eta DBH2 mailako haurrek, aldiz, Azpiazuren ilustrazioak iradokitako ipuina idaztea dute erronka. Askotariko adarrak izan ditzakeen irudia hautatu du, «hainbat eratara irakur daitekeena». Bertan ageri dira basati eran bizi diren umeak hartzekin jolasean eta bi pertsonaia helduago harriduraz begira. «Tentsio horrek, bi mundu kontrajarriek ideiak eman ditzakete istorio politak sortzeko». Hirugarren ariketa, 15-16 urtekoentzat, iaz proposatu zuten lehengoz eta aurten 58 laneko parte hartzea hobetzea espero dute. Orribetean Euskal Herriko Historia ardatz duen komikia edo bineta egin beharko dute.

Apirilaren 8ra arte aurkez daitezke lanak eta oinarriak Elkarren webgunean daude eskuragarri. Irabazleek jolas hezitzaileak, tabletak edo e-bookak eskura ditzakete. Parte hartzen duten ikastetxe guztien artean, gainera, Irrien Lagunen ikuskizun bat –LH4 azpiko kategorian– eta ikasturte amaierako bidaiarako 2.000 euro arteko bi sari zozkatuko dituzte Laboral Kutxak emanak.