Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Anpotrozenoa, ero berria!

Aro berria zabaldu dute Amerikako iparraldean, botoak boto. Ezohiko eroak aroa zabaldu ere. Tronpa jotzen heldu da Etxe Zuriko eszenara, kinkila-dendara elefantea bezala, dinbi-danba, dzirt-dzart. Batzuentzat lerdoa, lerdena besteentzat; bata zein bestea, transgenikoa!

Hitz jario etengabekoa, ahoa bero beste zabal, ahoskera argikoa, ingelesez urri dabiltzanentzat ere erraz ulertzekoa, eskua astintzeko moduaz bada ere. Ahoan bilorik ez, hortzak erakusgai, inor tronpatu ez dadin.

Hango botoek egin dute han presidente! Hau (handik hasita) mundu aldrebesa! «Antropozenoa» diote batzuek, gizakiek sortutako inpaktu globalen aro geologiko berria izendatzeko; bai zera! Anpotrozenoa, hobeto!

Gaur goizean jaiki naiz suerte txarrean, tronpa bat topatu dut prentsa-azalean, ez dakit zer datorren bakea ala gerra, baina nik badaezpada egin dut puzkerra… Hortxe ikusi dut, argazki handi batean, Etxe Zuriko maizter zuri berria, harro eta harrotua, desafioka, Washingtonen, uniformez beteriko ekitaldi hotsandikoan, Estatu Batuen ereserkia bost haizetara, zin eginez… legearen aginduz. Munduko hartz panda guztiak, ezkutatu zaitezte!

Eta, kolpea gero! Ukabila jasota ageri da argazkian! … Ama, ama! Modan gero azken bolada honetan ukabila jasotzea! Zer euli-klase ez dute eskuek hor izango, zanpatuta! Misterioa.

Tira, harira! Erora! Estatu Batuetan uso, Estatu Ez-batuetan otso. Ondorioz? Batek daki! Hain da mundua aldrebesa! Kosta egiten zait imajinatzea NATO gabeko Atlantiko bat, USA gabeko Europa bat, munduko USexit bat, Fororik gabeko Davos bat, klausularik gabeko zoru etiko bat, bero-prezioaren igoerarik gabeko hotzaldi bat, eskurik gabeko ukabila bat… baina hasi beharko da hori imajinatzen, erreala izango bada!