Egutegiaren mapak
Badira basamortuko zeharkaldia diruditen asteak, esku ahurra iparrorratza balitz bezala begiratzen duzuna, han sentimenduen mapa bat aurkitzeko esperantza izanda, astea zertan pasa bilatzeko. Aurreko asteetan zereginen almazena hustu duzula bazeneki gisa. Begirada bat ingurura, ezker eta eskuinera, bide horretan nor izango duzun lagun jakiteko, egunkarira gero, eta han ez da ezer interesgarri, telebista piztu ondotik teknologiak zuretzat irtenbiderik ez duela frogatutzat emango duzu, eta berokia jantzita karrikara irtetea da soluzioa, zer suma, edo hurbilean itsasorik baduzu haren bazterrera bestela, noraezaren itsasorratzak boterea baitu, eta begiradarekin urrun bidaia daiteke. Pentsamenduan darabilzu berrosaketa bat beharko lukeela egutegiak, kokapenaren egokitzapena, egunak zertarako diren zehazten duen erabilgarritasun formula, batzuk eskutik joaten baitzaizkizu esnatzetik lotaratzeko bidean hutsalaren sentsazio gaziarekin. Hilabeteek ere pisuzko argudioen zain diraute zure baitan, zentzu bat noiz emango, edo nork ekarriko, batez ere urtea hain indartsu amaitu eta berria hainbeste kostata hasten delarik, aurrean dagoenak beldur emango balizu bezala. Eta tira, urtaroei, mendeari dagokion zentzu bat luzatzea eskakizuna da, iruditzen baitzaizu aurreko mendeko negu berak bizitzen ari zarela etengabe, larrazkenak eta udak, beti udaberriaren zain. Urtarrileko aldapa deitzen diote batzuek honi, desilusioa bestetzuek, badirelako hiztegietako hitzek baino definizio hobeak eskaintzen dituzten pertsonak; eta garaiak malda badu, bistan beti, baina gainbehera egin gabe aurrera egiteko motiboak ere beti topatzen dira.

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
