M.D.
IRUÑEA

Bardeako tiro eremuaren aurka azaldu da Nafarroako Parlamentua

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzordeak Bardeako tiro eremua eraistearen aldeko adierazpena onartu zuen atzo. Hain zuzen, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek aurkeztu zuten ekimena eta horien botoekin onartu zen. PSNk abstenitu egin zen eta UPNk eta PPk aurkako botoa eman zuten.

Onartutako testuak Bardea Biosfera Erreserba izendatuta dagoela gogorarazten du eta, ondorioz, merezi duen babesarekin tratatua izatea eskatzen du.

Horrekin batera, datorren urtean tiro eremua erabiltzeko hitzarmena salatu dezala eta automatikoki ez berritzeko eskatu dio Parlamentuak Bardeako Batzarrari eta Defentsa Ministerio espainolari.

Bakearen kultura bultzatzearen beharra ere nabarmentzen du Parlamentuak. «Honek zuzenean talka egiten du tiro eremua mantentzearekin, bertan Armadak benetako armekin ariketak egiten dituelako, gerrarako esperimentuak, alegia», gaineratzen du Nafarroako Parlamentuak onarturiko adierazpenak.