GARA
ONDARROA

Ondarroako auzokideek 8 milioi euro eskatu dituzte etxebizitzak konpontzeko

Euren etxebizitzetatik kanpo jarraitzen duten 84 familiek salatu dutenez, ura sartu da eraikinetan eta horrek kalteak areagotzen ditu. 8 milioi eskatu dizkiete Bizkaiko Aldundiari eta Gasteizko Gobernuari.

Ondarroako Kamiñalde auzoan izandako lur-jausiengatik etxetik kanpo dauden 84 familiek mendia egonkortzeko eta etxe guztiak konpontzeko falta diren 8 milioi euroak behingoz ordaintzea eskatu diete Lakuari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Efek azaldu zuenez, 2016ko martxoan Kamiñalde auzoko mendi magalean izandako luizien ondorioz, 176 familia etxetik atera behar izan zituzten. Batzuk bueltatu dira jada, baina 84k jarraitzen dute etxetik kanpo. Martxoan denak euren etxeetara itzuli ahal izatea espero da. Atzo etxebizitzak ikustatu zituzten eta ordubete izan zuten gauzak hartzeko.

Udalak dagoeneko 3,5 milioi euro ordaindu ditu, 2,5 milioiko mailegua eskatu ondoren. Hori da Ondarroako Udalak jar dezakeen dirua udalerria hipotekatu gabe. Espainiako Gobernuak 2,15 milioi euro jarri ditu, Aldundiak 1,5 milioi, eta Lakuak Udalari 2 milioi emango dizkiola iragarri du.

Familiak batzen dituen batzorde kudeatzaileko kide den Aiert Etxanizek etxebizitzen egoera okerrera doala azaldu zuen. Ura sartu da etxebizitzetan. «Ez dakigu nork konponduko dituen etxebizitzak. Erakundeek argi esan behar dute falta diren 8 milioiak jarriko dituztela».