Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Pertika denontzat, eta jauzi!

Ez dakit zergatik baina azken astean kanta bat burura etorri eta hor ibili dut bueltaka, burmuinaren horma batetik bestera dinbi-danba. Les Luthiers taldearen hura izan da: «Ya el sol asomaba en el poniente…», eguzkia sartaldetik ateratzen ari zen…, «gauerdian» gehituko nuke nik! Ez dakit zergatik etorri, baina denboran AEBetako presidente berriaren lehenengo twit-astearekin batera etorri zait kanta burura. Aldrebesaren zuzena edo! Ez ninduke harrituko AEBak laster hego-hemisferioan kokatuak balira, hango mapamundietan.

«Hamaika entzuteko gara gero!», diogu euskaldunok. «Hamaika eraikitzeko gara eta kito!», diote han. Esan eta egin. Pikotxa eta pala eskuan, etorkinen eskuan, jakina, eta hasteko dira harresia luzatzen. Ozeano Baretik barea ez den Atlantikorainoko harresia, made in USA. Kolpea gero! mugak harresiz mugatu! Hala ere, ezin izango dute saihestu urakanak Mexikoko Golkotik zuzenean sartzea! Ez bada oso altua den harresia eraikitzen dutela! Baina, orduan ere, Golkoko petrolio-plataformaren bateko ihesa sartuko zaie azpitik; ez bada oso sakon den harresia eraikitzen dutela. Baina orduan… Amen.

Harresiek dutena da ez dutela kanpotik inor sartzen uzten, baina barrutik ateratzen utzi ere ez. Total, harresiak nonahi planeta honetako Palestina guztietan. Berlingoa azkena izango zela eta bai zera! Usteak ustel! Pasatzeko aukera bakarra pertsonak salgai bihurtzea da, orduan mugarik ez, pasaporterik ere ez. Gurean ere izan badira hormak. Ez, ez nabil frontoikoez, legebiltzarrekoez baino. “Arazo bat nora, ponentzia bat hara!” da horko leloa. Ondorioz, arazo bi, aurrekoa eta ponentziaren hormakoa. Ama, ama! Pertika denontzat! Eta jauzi! Izan ere, eguzkiak sortaldetik ateratzen segituko du, sasoiz sasoi berak erabakitzen duen unean. Ezin hormatu!