Andoni ARABAOLAZA
JARDUERAK

Iker Madoz, Gavarnietik Riglosera proposamen berriekin

Manu Cordovak eta gazte iruindarrak Gavarnieko hirugarren murruan «Sidra» bidea (6b+, WI5+, 150 m) zabaldu berri dute. Rigloseko Mallo Pisonen, berriz, Edu Gonzalezekin eta Carlos Garridorekin «Bailando con bolos» (ED, 7a) sortu du.

Beste behin, Iker Madozek erakutsi digu ezin dela geldirik egon. Baten batek aurpegiratuko digu hori begien bistakoa dela. Eta, jakina, hala da. Hasiera honekin esan nahi genuena da azken bi hilabeteotan gazte iruindarrak pare bat lan eder burutu dituela. Biak ala biak proposamen berriak dira.

Baina batetik bestera ezberdintasun handia dago. Lehenbizikoa, iazko abenduan bukatu zuen; non eta Riglosen. Hau da, arrokan eginiko eskalada izan da. Bigarrena, berriz, Gavarnieko hirugarren murruan egin du. Kasu honetan, beraz, alpinismo garbia. Riglosekoa Mallo Pisonen sinatu du: “Bailando con bolos” (ED, 7a). 270 metroko bide hau Edu Gonzalezekin eta Carlos Garridorekin ireki du. Aurretik esan behar dugu behetik hasita zabaldu dutela. Hirugarren murruan, bestalde, Manu Cordovarekin sokara lotuta “Sidra” (6b+, WI5+, 150 m) sortu du.

Hauek dira, beraz, Madozek eta enparauek egin dituzten proposamen berrien lerroburuak. Neguko panorama honen aitzakiapean kronika hau azken jarduerarekin hasiko dugu. Irakurleak segur aski gogoratuko du pasa den astean Gavarnieko hirugarren murruan eginiko eskalada bat jorratu genuela. Agian, gogoratuko du abenduaren 30ean hiruko batek “Divo listo” bideari puntu gorria jarri ziola. Gainera, marraren lehen errepikapena bistan eta egunean eginiko jarduera izan da. Eta gogoratuko du ere protagonisten artean Manu Cordova zegoela. Bada, eskalada hori egin eta bost egunera (urtarrilaren 4an) “Divo listo”-ren ondoan dagoen “Aliento del diablo”-ri, nolabait esan, Cordovak eta Madozek zukua atera zioten. Marra horren bigarren bileratik eskuinera irten eta beste bi luze berri sortu zituzten. Lau luze guztira, bi zahar eta bi berri, baina nahasketaren emaitza izotz zein mistoko izaera duen lan gogor eta erakargarria atera da.

Madozek azaldu digu hirugarren murruan egin berri duten xedearen bultzatzailea Cordova bera izan dela: «Bujaruelotik irten ginen, baina gaua Serradetseko aterpean eman genuen. Eskuarki, Manuk aparteko ideiak eta helburuak izaten ditu. Bost egun lehenago leku berean egon zen, eta aukera ikusi zuen murru horretan pare bat luze zabaldu eta ‘Aliento del diablo’ eskalatzen dutenei bisera modukoa egiten dien gortina dotoretik irteteko. Manuk eginiko proposamena kontuan hartuta, bizkar-zakuan zulagailua eta txapa batzuk sartu genituen. Horrekin batera, jakina, ohikoa gauzak: tresneria, lo-zakua, janaria… Hitz batean esanda, motxilak pisu handia zuen. Eta ederki izorratu ninduen!».

Biharamunean, sokada hori hirugarren murruan dagoen “Aliento del diablo”-ren sarreran jarri zen. Gazte iruindarrak aipatu digu mistoko lehen bi luze horiek sokaburu egin zituela: «Nik ardura hori hartu nuen, eta Manuk bitartean espit zaharrak kendu eta paraboltak jarri zituen. Jakina, bidea zabaldu zutenek jarritako txapa kopuru bera aldatu dugu. Onartu behar dut lehen bi luze horiek nire besaurreak puztu egin zituztela. Hauek igo ondoren Manuk irudikatu zuen bidearen oinarrian jarri ginen».

Luze berrietako lehenean ere Madoz sokaburu izan zen: «Aurrekoek baino erori gutxiago du (70°-80°, 6a) eta gozatu egin nuen. Bigarrena, berriz, askoz ere gogorragoa ikusi genuen; eta lekukoa Manuri eman nion. Luze ikaragarri ona da. Arrokan 6b+ gainditu ostean, gortina batzuetatik (WI5+) irten zen».

Alpinista gazte honek aitortu digunez, oso gustura daude Gavarnieko hirugarren murruan eginiko lanarekin: «Bi luze berriak apartak baino apartagoak dira. Lehenbizikoak izotz asko du, pare bat marmoka handi eta amaiera arrokan egiten da; erraza baina kalitate handikoa. Manuk zabaldutako bigarren luzea, berriz, arroka ona duen diedro batetik hasten da. Amaierak beste itxura bat du. Izotzera heltzeko eroria duen sekzio batetik egin behar da. Arrokak helduleku onak ditu, baina hotzarekin… Aipatu behar dut ere bi luze horiek kranpoiak eta pioletak erabili gabe (soilik atzamarren laguntzarekin) arrokan eskalatu genituela».

Eta Riglosen, bestea

Bigarren jardueran, bestalde, Madozek katu-oinekin jardun du. Edu Gonzalezekin eta Carlos Garridorekin batera, Mallo Pisonen, pasa den abenduan “Bailando con bolos” bukatu zuen. Horretarako sei bidaia egin behar izan ditu. 280 metro horiek gainditzeko, hirukoteak zortzi luze ireki zituen. Zailtasuna: ED, 7a (6b+ derrigorrez).

Rigloseko marra guztiak bezala, “Bailando con bolos”-ek ere ez du muturreko zailtasunik; ezta gutxiagorik ere. Baina kasu honetan, pareta horietan sortu dituzten ia marra gehienak ez bezala, protagonistok zulagailua eskuetan behetik zabaldu dute. Estiloari, beraz, garrantzia eman nahi izan diote. Eta lortu egin dute; izan ere, txapak (ez asko) jartzeaz gain, norberaren burua babestu da. Gainera, aurreratu dutenez, parabolten arteko tartea handia da; hots, “giro” ederra du.

Bide berri honen inguruan, iruindarrak aurreratu digu Riglosen ohikoak diren patata itxurako «bolo»-z jositako pareta jarraitzen duela: «Lehen hiru luzeak ‘Opus nigrum’-en eta ‘Katalanen marraren’ artean doaz. Bidearen erdian, azken hori zeharkatzen du eta, ondoren, zuzeneko norabidea hartzen du. Azken luzea ‘Bixente Inuxente’-rena da».

Arestian esan dugun bezala, estilo horretan Riglosen bide gutxi sortu dira, eta, beraz, aurrerantzean “Bailando con bolos” talde txiki horren kide izango da: «Lan entretenigarria izan da, batez ere kontuan hartzen badugu Rigloseko arrokak zer-nolako ezaugarriak dituen. Harrigarria bada ere, arrokaren kalitatea oso egokia izan zen, eta ia osorik librean zabaldu genuen; hots, artifiziala erabili gabe. Gainera, helduleku bitxi horiekin ez dugu ezustekorik izan».

Hain zuzen ere, bide berria zabaltzerako orduan azken eite hori hirukotearentzat misterioa zen: «Ez genekien ukitzen genituen heldulekuak onak ala txarrak ziren. Badaezpada ere, helduleku horiek nolako itxura zuten jakiteko mailuarekin jotzen genituen. ‘Asmakizun’ horiekin ondo pasatu genuen!».

Aipatu dugu ere, hirukote honek jarritako parabolten arteko distantzia handia dela. Eta Madozek onartu digu hori ere «jolas» bezala hartu zutela: «Hurrengoa urrunago jartzea zen helburua; bueno, ahal bazen. Jakina, eroriko gaiztoak saihesten saiatu gara. Eta tartean erlaitzik ez egotea. Txapen arteko distantzia handienak bidearen erdiko tartean daude; ‘Raya’ izeneko tartearen parean. Beste paraboltak beren lekuan daude, edo arroka zubiak daude, edo friend-ekin babestu daiteke. Gogoratu behar dut ere hirugarren luzeak ez duela txaparik; bai, ordea, arroka zubi batzuk. Bikaina da!».

Finean, Madozi eta bere kideei abentura kutsua duen bide bat atera zaie, eta hori Riglosen ez da ohikoena: «Bide batez esan behar dut oraindik ‘bolo’-ren bat botatzeko eta zarakarraren bat puskatzeko dagoela. Bederen, gure aldetik uste dugu bidea nahiko garbitu dugula. Hori bai, marratik irteten bazara, ziurtatzen dugu ezustekoren bat izan dezakezula».