Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kontuak dantzan!

Arktikoko base polarretan negu gorrian lanean ari direnek irratia izaten dute kanpoko munduarekiko lotura; baseon inguruan hartzek berean segitzen duten artean. Irratiak zer ekarriko zain, afalostean; base barruan, jakina. Azken egunotan belarriak ohikoa baino tenteago. Etxe Zuriko maizter berriaren azkenaren zain ote? Ez horixe gero! Gasteizeko udal etxekoaren azkena zein izango, horrek tentetu hangoen belarriak! Aurrekontuen aitzakian atzekontuak dantzan. Hamaika dantzatzeko gara gero, politikaren pistan!

Edozelan ere, helburuak eta helbideak dira benetan kontuak, aurretik ikusi zein atzetik. Kontuak kontu. Atera kontuak! Eta batzuk, ohiko politikatik, kontu-kontari. Konfiantzak eta mesfidantzak ageri dira orduan, nahasian, gazte batzuek urruneko espetxean segitu bitartean, fidantzapeko askatasuna bera ere ukatua; horri askatasuna deitzea ere! Askotan hain da konfiantza mesfidantzarako bidea!

Horra Ajuria Eneko maizterra, kasuko, aldebikotasunean sinestuna, zituen masail guztiak jadanik eskainiak dituena, gutunak bata bestearen atzetik bidaltzen dizkiona… eta han behean, gaur den Tasun bakarrean, Moncloako agintariak jaramonik egin gabe. Kristaukeria gero, kontenplaziozko politika! Portzierto, erantzun al zioten korintiarrek oso astuna zen apostoluari? Amen!

Eta Euskadiko mapamundi txikerretik handira joanda, Europa Batasunekoa ere kolpea gero! Atlantikoz bestaldeko haren politika zaharberrituak kritikatu eta alde honetako mugak oraindik gehiago mugatu, hegokoak behintzat. Ez da harritzekoa gero hego haizeak zakar ibiltzea! Naturaz! Europa horretako balioak ere poltsako baloreetan kotizatzen baitira! Batzuek poltsa, aurrekontuz, besteak hil, atzekontuz. Kontuak atera gauzak non dantzatzen diren!