Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Manex herria

Ni mintzatuko niz xuberotarrez, ez baitit konprenitzen sobera manexa». Ospitalepea herriko Antoine Erdimartegaraik horrela hasiko du elkarrizketa Euskadi Irratian, Done Bladi ospakizunaren karietara. Biarnorako bidean azken herria dugu Ospitalepea, 80 biztanleko herrixka, baina XII. mendeko balio handiko eliza duena, eta urtean 30.000 bisitari dituena.

Zorionez, Antoinek ez du zuberera itxia egiten eta nahiko ondo konprenitzen zaio, usaia amiñi bat izanez gero, jakina. Manu Etxezortu kazetariak tarteka haren mintzoa euskara “manexera” ekarriko du, jakinik entzule askoren zailtasunak haren euskara ulertzeko.

Munduan beste asko bezala, kontalariok ezker-eskuin ibili ohi gara gure artea erakusten. Biderik makurrenak eta auzorik galduenak ezagutzera heltzen gara. Eta hizkera ezberdinekin topatuko gara inorako bide horretan. Kontalariak hizkuntza du zuzeneko lan tresna. Hitzak josiz istorioa aurrera doa; alta, badira hitz asko ezinbestekoak kondaira jarraitu ahal izateko, horiek ulertu ezean entzuleak zail izango du ipuina konprenitzea. Orduan, kontalariak jakin beharko du zein hitz erabili bere kontakizuna kaltetua izan ez dadin. Hango eta hemengo hitzak beharko ditu bere kutxan bildu, behar denean ateratzeko. Guztiek ulertzeko moduko hizkera behar du erabili, eszenarako aproposa bilakatuko dena.

Antoinek elkarrizketa amaituko du erranez: «Ospitalepea ez da aski ezaguna manex herrian». Kontalariak erabaki beharko du manex herriarentzat kontatu ala euskal herriarentzat.