GARA
GENEVA

AI-k dio Assadek 13.000 siriar urkatu dituela kartzela batean

Amnesty International (AI) erakundeak argitara eman duen txosten baten arabera, 13.000 pertsona inguru, gehienak Baxar al Assaden Gobernuaren aurkakoak, urkatu zituzten 2011 eta 2015 bitartean Saydnayako espetxean, Damasko hiriburutik gertu. Gobernuz kanpoko erakundeak dio Assaden «sarraski politikaren» emaitzetako bat dela Saydnayan gertatutakoa. Ia ehun lagunekin egindako elkarrizketetan oinarritu dira txostena osatzeko.

“Giza hiltegia: urkatze masiboak eta sarraskia Saydnayako espetxean” izenburuko txostenean, AIk dio Siriako Gobernuak bizi baldintza krudelak ezartzen dizkiela Saydnayan preso dauden pertsonei: etengabeko torturak eta elikagaiak, ura, sendagaiak eta arreta medikua kenduta, horietako askoren heriotza eragiten du. Erakundeak salatu duenez, horrelako ekintzak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak dira, eta Amnesty Internationalek Assaden Gobernuak baimendu dituela nabarmendu du. Itxura guztien arabera, egoerak bere horretan jarraitzen du gaur egun ere.

Txostenak esplikatzen duenez, 2011 eta 2015 artean astero ateratzen zituzten presoak beren ziegetatik, 50 lagun izatera iristen ziren taldetan. Aste batzuetan bi aldiz egiten zuten gauza bera. Preso horiei inolako bermerik gabeko prozesua egiten zitzaien, sekulako jipoia eman, gauez eta ezkutuan urkatu aurretik. Biktimak ez du ezer ikusten, begiak zapi batekin estalita izaten baitituzte prozesu osoan zehar. «Ez dakite ez noiz ez nola hilko dituzten, lepoan soka jartzen ari direla konturatzen diren arte», AIkoen idatziak dioenez.

Ezkutuko exekuzio horiek ikusteko aukera izan zuen epaile ohi batek kontatu dienez, «10-15 minutu edukitzen zituzten urkan. Gazteenen kasuan, beraien pisua ez zen nahikoa izaten heriotza eragiteko. Orduan borreroaren laguntzaileek urkatuaren gorputzetik tira egiten zuten, lepoa hausteko».

«Txostenean agertutako izugarrikerietan Gobernu siriarrak baimendutako kanpaina lazgarria ikusten da, Siriako herritarren artean edonolako disidentzia ezabatzeko asmoz», adierazi du Lynn Maalouf AIk Beiruten duen ikerketa taldeko zuzendariondokoak.

«Saydnayan eta Gobernuaren mendean Sirian dauden gainerako espetxeetan egiten diren prozesu judizialetatik kanpoko exekuzioak, tortura eta tratu ankerrak berehala etetea eskatzen diegu agintari siriarrei», esan du Maaloufek. «Errusiak eta Iranek, Gobernuaren aliatu nagusiek, presioa egin behar diote Assadi horren moduko politika hiltzaileak eten ditzan», erantsi du. «Saydnayan egiten ari diren krimenen gaineko ikerketa independentea berehala egiteko», eskatu dio NBEri AIk. Baita «begirale independenteak espetxeetan sartzen uzteko» ere.

Txostena egiteko urtebete eman dute lanean, 2016ko abendura arte. Tarte horretan, 84 lekuko elkarrizketatu zituzten.