Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Ozeanoa harresi

Honezkero aski ezaguna da Donald Trumpek kazetariekiko duen harreman zaila, eta bere jarduera politiko zein enpresariala jarraitzen duten profesionalekiko darabilen jarrera erasotzaileaz harago, nazioarte mailako informazioa kubritzen duten kazetariei ere oldartu zaie azken egunotan. Migratzaileekiko oro har eta kultura musulmaneko zenbait herrialde konkretuekiko abiatutako kanpainaren baitan, Europan jazotako Daesh-en erasoak estaltzea leporatu die hainbat komunikabide eta kazetariri. Adierazpenok Trumpen basakerien zerrendara gehitu behar baditugu ere, egia da badela Europan ezkutatu nahi den errealitate bat, baina horren ardura ezin zaie kazetariei osoki leporatu. AEBetako presidenteak aurrera atera nahi dituen politiken aurrean kezka antza agertu duten mandatariak berak dira giza eskubideen hitzarmen denak urratuz, Europa politika migratzaile hiltzaileen aitzindari bilakatu dutenak eta ez dira egokienak lotsagabeki etikaren lidergoaz arduratzeko.

Europak ez ditu horma berriak bakarrik altxatu, Mexikora begira eraiki nahi den harresia baino askoz handiagoa den muga bihurtu baitu itsasoa; ozeanoa, aterik eraiki ezin den esparrua, desesperazioan itotakoen hilerri bilakatuz. Eta hauek dira kontatu beharrekoak, orain hiru urte Tarajalen izandako hilketak gogoratu behar ditugun moduan.