Haritz LARRAÑAGA
Baiona

Bagoazek Oier Gomezen askatasuna eskatu du minbiziari aurre egiteko

Meaux espetxean dagoen euskal presoaren egoera salatu du Bagoazek. Medikuek antzeman dioten sarkoma «baldintza normaletan» artatu ahal izateko zigorra etetea eskatu diote abokatuek epaileari.

Tumore bat erauzi ziotenetik Oier Gomez Mielgo pairatzen ari den egoera salatu eta bere zigorra etetea eskatu zuen Bagoaz kolektiboak atzo, Baionan. Emilie Martin bozeramaileak, abokatuak «epaitegiko prozeduraren datak eta epeak jakiteko zain» daudela nabarmenduta, «mobilizazioak deituko» dituztela iragarri zuen.

Ibon Fernandez Iradiren kasua oroitaraziz, Martinek «bere askatasuna blokeatzearekin, gehiengo batek eskatzen duen aldarri baten kontra egin zutela» azaldu zuen, eta horregatik, «bake prozesuarekin engaiatu eta larri gaixo dauden presoak askatzeko» exijitu zion Estatu frantsesari.

Clara Rouget abokatuak Gomez pairatzen ari den tratuaren berri eman zuen: «Urtarrilaren 6an medikuak Meaux espetxeko erizaindegira joateko esan zion», baina euskal presoak «ezetz erantzun zuen, aurrez ospitale hartan jasotako tratu txarra gogoan baitzuen», Rougetek argitu zuenez.

Sendagileak «Parisko ospitale batean hitzordua hartu zion», kontatu zuen abokatuak, «baina Gomezen egoerak okerrera egin zuen eta urtarrilaren 10ean, zutik ere ibili ezin zuela eraman zuten Pitie Salpetriere ospitalera, eskumuturrak eta orkatilak lotuta zituela».

Euskal presoak jasotako tratua «inhumanoa» izan zela ohartarazi zuen: «Une oro eskuburdinekin lotuta izan zuten, eskanerrak egiteko ere ez zuten askatu, ezta ebakuntza aitzin dutxatu behar zuenean ere».

Egun ospitalean da preso politikoa, «une oro bost funtzionarioz inguratua, astean bisita bakarra du, eta miaketa integralak egiten dizkiote», azaldu zuen letraduak. «Halako baldintzetan behar bezala sendatzea ezinezkoa delako eskatu diogu epaileari zigorra etetea», esan zuen.

Minbizia bigarren aldiz

Oier Gomez 2011ko apirilaren 14an espetxeratu zuten Estatu frantsesean eta 2016ko irailean hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Gauzak horrela, azken irteera data 2023ko irailean bada ere, legearen arabera, 2018ko urritik aurrera baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera izango luke.

2013an minbizia hauteman zioten, zehazki, Hodgkinen linfoma, baina kimioterapia tratamendu gogor baten ostean gaitza menderatzea lortu zuen. Orain, beste tumore bat, sarkoma, antzeman diote bizkarrean, eta zein motatakoa den zehaztu ez badute ere, medikuen esanetan «gaitz bortitza da».