Barruan daramagun «Jainko basatia»
Yasmina Reza egile frantziarraren testua hartu du abiapuntu Txalok «Jainko basatia» antzezlana osatzeko. Haurren arteko liskarretatik abiatuta, bi guraso pareren arteko ika-miketan jartzen du begia Rezak baina, batez ere, norbere frustrazio eta ezintasunak azaleratzen direnean gizakiok izaten ditugun jarrerak nabarmentzen dira. Durangon estreinatu ostean, asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi ahalko da antzezlana.

Haurren arteko liskarra sortu da. Batak dio besteak makila batekin jo duela. Salatua izan den haurraren gurasoak sinetsi ezinda daude, eta jipoia jaso omen duen haurraren gurasoei dei egin diete, faborez, etor daitezela euren etxera, gertatu denaz solastatu eta liskarrari irtenbide “zibilizatua” eman ahal izateko.
Abiapuntu hori du “Jainko basatia” antzerki-obrak, Txalo produkzioak urtarrilean Durangon estreinatu eta asteburu honetan Donostian ikusi ahalko den lanak. Yasmina Reza frantziarrak idatzitako testua da obraren oinarria. Satira garaikide honetan, norbere ezintasun eta frustrazioak azaleratzen direnean asmo onez abiatutako ekintzek gainbehera nola egin dezaketen ikusarazten du egile frantziarrak eta, horrela, obran egoera gatazkatsua onbideratu nahi duten gurasoen arteko tirabirek hartzen dute nagusitasuna.
Xabier Agirre antzezlanaren produktoreak gogora ekarri zuen hau ez dela antzezlana eraikitzeko Txalok Rezaren testu bat erabiltzen duen lehen aldia: «Orain hamar-hamaika urte haren testu batekin egin genuen lan ‘Artea’ osatzeko eta, beraz, ilusio handia egiten zigun autore honen lan batekin aritzeak». Durangoko estreinatik egin dituzten saioetan «sentsazio oso onak» bildu dituztela ere nabarmendu zuen, «jendea barru-barruraino sartzen da hasieratik bukaerara arte».
Oholtzan, gurasoen papera eginez, Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi eta Andoni Agirregomezkorta (honek ezin duenean Mikel Laskurainek ordezkatuko du) ariko dira. Hauen lana goraipatu zuen Agirrek eta, hari erantzunez, Andonegik nabarmendu zuen aktoreen lana ona dela «testua ona delako, ikasteko erraza, logikoa. Nabaria da bera aktorea dela, aktoreentzat idazten duela; pertsonaien obra bat da eta hori eskertu egiten da», zehaztu zuen. Pertsonaiak euren artean oso ezberdinak izanda ere, guztiei euren «jainko basatia» azaleratzen zaiela aipatu zuen, «barruan dugun ‘zera’ hori, batzuetan ez dugula iruditzen zaiguna».
Zentzu horretan, Agirregomezkortak ikusleek pertsonaien rolekin identifikatzeko izaten duten erraztasuna azpimarratu zuen: «Antzezlan hau dago egina modu batera ikusleak identifikatuta sentitzeko. Pertsonaiek bizi duten egoera gure inguruan ere gertatzen da, egunerokoak dira haurren arteko ika-mikak». Pertsonaia bakoitzaren izaerak ertz ezberdinak dituela ere aipatu zuen eta, zentzu horretan, aktore gisa «dibertigarria» izan dela «izaera batetik bestera pasatzea, baita ikusleek horrek aurrean dituzten erreakzioak ikustea ere».
Pertsonaiaren barrunbeetan
Garmendiak ere testua goraipatu eta ikusleengan sortzen dituen erreakzioak aipatu zituen, eta antzezlana osatzeko prozesua ere «polita» izan zela esan zuen. «Zailtasunen bat izan genuen, adibidez, antzezlaneko une batean bi emakumezkoak mozkortu egiten dira eta gure artean eztabaidatu genuen... zer egiten dugu mozkortzen garenean? Disimulatzen saiatu. Egun batean esan genuen mozkortu eta gure buruak grabatu behar genituela, baina... lehen zatia bakarrik egin genuen, grabatzea ahaztu!», egin zuen barre. Antzezlana, esan bezala, Donostian eskainiko dute larunbatean eta igandean, Antzoki Zaharrean, 20.00etan.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
