GARA
DONOSTIA

Bertsolaritza gazteen neurrira egina; badator Eskolarteko txapelketa

Azken urteetako bide berberetik jarraituko du aurtengoan ere Eskolarteko bertsolari txapelketak, gazteen neurrira egindako saioekin. Haur eta gazteek jendaurrean kantatu ahal izateko guneak eskaintzen dira hitzordu horretan: harremanak egin, euren hurbilekoak bertsozaletu eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen ikastea da Eskolartekoaren helburua.

Aurten ere saioak izango dira Euskal Herriko lurralde guztietan, baita Euskal Herri mailako festa nagusi bat ere. Herrialde guztietan oinarri nagusi berberak elkarbanatzen dira, baina bakoitzak bere berezitasunak izango ditu. Eskolartekoak barnebiltzen duen guztia Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute elkarlanean.

Egutegia

15 urtetik beherako gazteak ez dira txapelketan lehiatuko. Eurentzako, bertso merenduak antolatuko dituzte hainbat herritan. Inguruko bertso-eskoletakoak elkartu eta giro hurbilean eta goxoan egingo dira.

Bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urtekoek Eskolarteko txapelketan kantatzeko aukera ere izango dute. Nahi duten moduan parte hartu ahal izango dute txapelketan; bertsolari moduan, zein gai-jartzaile lanetan. Lurralde bakoitzak bere txapelketa izango du. Kanporaketak bertso afari zein merendu bueltan, edo areto txikietan egingo dira. Finalak, berriz, oholtzan. Herrialdeetako finalak honela egingo dira: Gipuzkoa, apirilak 2, Azpeitian; Nafarroa, apirilak 28, Leitzan. Araba, maiatzak 13; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa, maiatzak 20, Hazparnen; Bizkaia, ekainak 3; Euskal Herriko finala, ekainaren 10ean, Ipar Euskal Herrian.