Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Jolas-parketik hipodromora doa Kutxa Kultur Festibala

Bost urtez Igeldoko jolas-parkea ekitaldiz hornitu ostean, Lasarte-Oriako hipodromora egingo du jauzi Kutxa Kultur Festibalak. Irailaren 15 eta 16an ospatuko da jaialdia kartelburu The Jesus and Mary Chain, The Hives eta Love of Lesbian dituela. Sarrerak 30 euroan daude.

Igeldoko jolas-parkeari bizitasun berezia ekarri zion orain bost urte Kutxa Kultur Festibalak, eta, bere izaera bizi, gazte eta musikazalearekin jarraituz, hurrengo bost edizioetan Lasarte-Oriako hipodromoa hartuko du jaialdiak. Hala adierazi zuten atzo festibaleko ordezkariek, aurtengo edizioaren aurrerapenean. Jaialdia irailaren 15 eta 16an ospatuko dela eta baieztatu ditzaketen taldeen artean The Jesus and Mary Chain, The Hives eta Love of Lesbian egongo direla aurreratu zuten antolatzaileek, eta hipodromoak zabaltzen dizkien aukera berriez ere mintzatu ziren.

«Jaialdi bezala koska bat igotzeko aukera emango digu, jolas-parkean 6.000 pertsona har genitzakeelako eta hipodromoan 8.000 hartzea aurreikusten dugu», esan zuten, eta aurreko urteetako jaialdietan publikoak egin dien eskarietako bati erantzuteko aukera izango dutela ere zehaztu zuten: «Aurten bai, kanpatzeko gunea jarri ahalko dugu». Izan ere, Igeldoko jolas-parkeak gutxi gorabehera 2.000 metro koadroko azalera duela eta hipodromoak 10.000 metro koadroko espazioa eskaintzen diela zehaztu zuten.

Espazio horretan, lau agertoki paratuko dituzte eta bertan ariko dira lotzen doazen heinean iragarriko dituzten hogeita hamar talde inguru. The Jesus and Mary Chain izango da kartelburu, hemezortzi urteko isilunearen ostean lan berriarekin datorren talde eskoziarra. 1985ean “Psychocandy”-rekin abiatu zen taldea, nazioarteko poparen izar nagusietakoa da egun. Atzo iragarritakoen artean daude The Hives eta Love of Lesbian ere. Suediarrek euren estudioko bost albumetan oinarritutako kontzertua eskainiko dute eta bartzelonarrak “El poeta Halley” album berriarekin datoz. Antolakuntzatik gogorarazi zuten Love of Lesbian izan zela jaialdiko lehen edizioko kartelburu: «Sarrera guztiak agortzea lortu zuten, eta horrek hurrengo edizioetarako bultzada eman zigun».

Aurtengo nobedadeen artean daude baita ere hipodromoan bertan zirku-karpa bat jarriko dutela –ez zuten zehaztu emango zaion erabilera– eta irisgarritasuna errazteko Euskotrenekin akordioa egin dutela. «Donostiatik bertara hamar minutuan iristeko modua eskainiko dugu, baita Hendaia, Oiartzun, Errenteria... beste gune batzuetatik eroso bertaratzekoa ere». Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo dela ziurtatu zuten.

Musika eta zaldi lasterketak

Jaialdiak bat egin nahi du berau ospatzen den gunearekin eta, hala, jolas-parkean egin bezala, hipodromoak ere ez du bere esentzia galduko. Kontzertuen tarteetan zaldi lasterketak egingo direla esan zuten eta, hipodromoko arduradunaren hitzetan, horrek aukera emango du «hirira zabaltzeko; harreman hori landu nahi dugu».

Sarrerak, oraingoz, 30 euroan eros daitezke. Denborak aurrera egin ahala, salneurriak ere gora egingo duela zehaztu zuten.