Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kuriositatea, salbuespenez

Honetaz edo hartaz jakin-min nagoenean minak berak bultzatzen nau jakitera. Beste batzuetan, ostera, jakin barik geratzen naiz, batere minik sentitu gabe. Hala ere, aitor dut, noiz edo noiz minik gabeko kuriositateak bultzatzen nau (otordu laster batek komunerantz beste arin ez, behintzat), eta animatu ere kuxkuxero izaten. Jakingurakeria edo. Salbuespenez, beti ere. Horra, kasuko, momentuz Batuta dauden Estatuetako zuzendari exekutibo denaren eta gure behean momentuz den Estatuko presidente denaren artean lehengoan izandako telefono-aldiarena! Komikoa behar, baietz! Euskaldunok hamaika entzuteko bagara, hamaika horietatik zenbat ez genukeen entzungo lehengoko ordu laurden eskasean!

Hainbat gauza esan izan dira bi pertsonaien arteko solasaz. Esan ez dutena, baina, zera da, zeinek ordaindu zuen hangoak egindako deia. Ozeanoaz bestaldeko geoestrategiaz aditu ez da izan behar deia hartzaileak pagatu zuela ateratzeko ondorio, pozik pagatu ere, eta ez defentsaren diru-partidatik! Tira, harira! zertaz arituko ziren eta, susmo batzuk baditut. Estatuan politika zaharberritzeko sortu zen alderdiak bere burua berri-zahartzeko egunotan duen Ahal Garete kongresuaz, seguruenik. Diseinuzko pertsonaien jabetza ere izango zuten solasgai… eurek, jatorriz, halakoak izanda (inor gutxik erakutsiko ditu elastikoetan; beste gauza bat da azpiko arropan!). Eta Karoñamuxuki zentralari bide luzea ospatzeko topa egin …

Mintzakide izateko prestasuna eskaini omen zion gure beheko horrek hango hari, horretarako prestutasunik eskatzen ez denez. Eta Kataluniarekin mintzakide izateko baten bat eskatu ere, omen. Amen. Hurrengo deia Turkiako burua izan zuen hark, eta giza eskubideetan eta Kurdistanen mintzakide agertu omen zitzaion, hangoa. Akabo kuriositatea, banoa jakiten mina non dudan.