Sei koreografia-laborategi egingo dira Atalak 2.0 programari esker
Kide berriak batu dira Dantzaz Konpainiaren Atalak programara. Tokiko sorkuntza koreografikoa indartzeko sortutako proiektuak Azkuna Zentroaren eta Tabakaleraren babesa ere badu aurten eta, hala, sei koreografia-laborategi hartuko ditu Atalak 2.0 programa berrituak.

Urrats bat gehiago eman du Dantzaz Konpainiaren Atalak programak. Orain artean, Gipuzkoako Diputazioa, Donostia Kultura eta Ballet Malandain-Biarritzen sostengua zuen euskal sorkuntza koreografiko garaikidea sustatzeko 2008an sortu zen programa honek eta, aurten, Bilboko Azkuna Zentroa eta Donostiako Tabakalera ere batu dira proiektura. Gauzak horrela, «garai berriaren hastapena» markatzeko Atalak 2.0 izena hartuta dator aurten.
Dantzaz-eko zuzendari orokor Fernando Saenz de Ugartek azaldu zuenez, fase berri honetan Euskal Herrian jaio edota bizi diren sei koreografori aukera emango diete astebetez Dantzaz Konpainiako hamabi dantzariak euren eskuetan izateko, denbora horretan esperimentatu eta pieza koreografiko bat osatzeko aukera izan dezaten. Gero, sortutako pieza horien erakustaldi bana egingo dute Errenteriako Dantzagunean, Biarritzen eta Donostiako Victoria Eugenian. Azkuna Zentroaren eta Donostia Kulturaren laguntzarekin, Bilbon eta Donostian ere erakustaldiak izango dira udan, baina oraindik zehazteke dute hori.
«Dantzaz tresna bihurtu dugu, koreografoen eskuetan jarri. Hortik sortzen dena ez da biran aterako, baizik eta sortze-laborategi gisa geratuko da; koreografoentzat ez ezik dantzarientzat ere oso aberasgarria da esperientzia hau», ziurtatu zuen Saenz de Ugartek. Bere aldetik, Ballet Malandain-Biarritzeko ordezkari Carine Aguirregomezcortak koreografoentzat izan dezakeen garrantzia nabarmendu zuen: «Oso zaila da hamabi dantzari lanerako zure eskura edukitzea, baliabide ekonomiko handiak eta egitura egonkorra behar dituzu kontratatu ahal izateko; horregatik da proiektu hau horren garrantzitsua», ziurtatu zuen.
Egonaldiak
Marta Coronado, Fabio Lopez, Mikel Aristegui, Iker Gomez, Eneko Alcaraz eta Eneko Gil dira Atalak 2.0ko lehen egonaldietan parte hartuko duten koreografoak. Lehenengo biek egina dute jada astebeteko egonaldia, eta bihar oholtzaratuko dituzte euren piezak Victoria Eugeniako Clubean (21.00). Coronadok azaldu zuen Iruñean jaioa bada ere bere ibilbide profesionala nagusiki Belgikan garatu duela. «Egunero bederatzietatik bostetara hamabi dantzarirekin luxuzko estudio batean lanean aritzeko aukera izatea izugarria da; lanerako gogoa duen jende gaztea da, orain hogei urte gustura hartuko nuen gisa honetako proiektu bat», ziurtatu zuen. Izan ere, Dantzaz-en dabiltzan gazteek –hamabitik sei dira euskaldunak– bi urtez konpainian aritzeko aukera dute. Egonaldian, Coronadok “Bajo continuo” pieza osatu du, mugimendura «sonoritatetik, kontrasteak eta oihartzunak erabiliz» gerturatu nahi duen lana.
Lopezek, bere aldetik, Dantzaz «aspaldidanik» ezagutzen duela esan eta esker ona agertu zuen «emandako aukeragatik; koreografoek zuen laguntza behar dugu, ez gaitzazue ahaztu», eskatu zien instituzio eta erakundeetako ordezkariei. Bere lana Coronadorena baino «akademikoagoa» dela azaldu zuen eta dantzariei «denetik, dantza kontzeptualenetik akademikoeneraino, egin dezaketela erakutsi nahi izan diet». “Aura” du izena bihar aurkeztuko duen piezak.
Aristeguik eta Gomezek apirilean izango dute bakoitzak astebetez Dantzaz-ekin lanean jarduteko aukera, eta Alcaraz eta Gilek, aldiz, azaroan.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
