GARA
GASTEIZ

Gizarte zerbitzuetako lan baldintzak hobetzeko pausoa, LABen bultzadaz

Gasteizko Legebiltzarrak erdibideko zuzenketa bat onartu du gizarte zerbitzuetako ratio eta lan baldintzak hobetzeko. LABek sustatutako ekimena izan da, «Zaintza zaindu» kanpainaren barrenean 27.000 sinaduratik gora bildu eta aurkeztu baititu Gasteizen eta Iruñean.

LAB kontent agertu zen azpikontratatutako gizarte zerbitzuetako langileen falta eta lan kargak gaitzesteko “Zaintza zaindu” lelopean abiatutako kanpainak eman dituen fruituekin. Ekimen honen barrenean, Hego Euskal Herrian 27.000 sinadura baino gehiago jaso eta Nafarroako Legebiltzarrean eta Gasteizkoan aurkeztu zituzten.

Aldarrikapenak honakoak ziren: langile kopurua handitzea, profilak eta funtzioak zabaltzea, erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion arreta eta zerbitzu denbora handitzea eta erabiltzaileek langile, elkarte sozial eta gizarte zerbitzuetako langileen beharrekin lotutako ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan parte hartzea.

Bi legebiltzarretako Enplegu eta Gizarte batzordeetan agerraldia egin, eta gizarte zerbitzu guztietan arreta duintasunez emateko langile gehiago eskatu zituzten. Horri erantzunez, eta EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bati esker, erdibideko zuzenketa bat onartu zuen Gasteizko Parlamentuak joan den ostegunean. Koalizio abertzaleak, EAJk eta PSEk babestu zuten LABen aldarrikapenak jasotzen dituen testua.

Dekretuak eguneratu

Zuzenketa horretan zerbitzu sozialak arautzen dituzten dekretuak eguneratzea eskatzen da. Dekretu horietan jasotzen dira, ratioez gain, zerbitzu eta zentroek bete behar dituzten baldintzak funtzionamenduari eta materialei dagokienez. Hiru hilabeteren buruan, dekretu horien zirriborroak legebiltzarrera ekartzeko eskatzen da.

Dekretuen prestatze lanetan hiru maila instituzionalen parte hartze teknikoa egotea galdegiten da, baita sektoreko elkarte sozial, erabiltzaile eta langileen ordezkariena ere.

«Jaurlaritza eta beste erakunde publikoak arduratu eta inplikatu daitezela kontratazio publikoaren eremuan, kalitatezko zerbitzu publikoak eta lan baldintza duinak bermatze aldera», dio onartutako testuaren hurrengo puntuak.

LABek balorazio baikorra egin du, ikusten duelako «egindako lanari esker pauso sendoak» ematen ari direla langile faltaren arazoari heltzeko. Lanean segituko dute ratio dekretu berri bat lortu arte.