Maitane ALDANONDO
Usurbil

ENERGIA SISTEMA ERALDATU, ARGINDAR KONTSUMOAN ERAGINEZ

Energia eredu berri baten alde egin nahi duen herritar talde baten proiektua da GoiEner kontsumo kooperatiba. Oinarrizko ondasun honen garrantziaz ohartarazteaz gain, erakundeak argindar berdea salerosten du, eta aurki, hura ekoizten hasiko da.

Subiranotasun energetikoa berreskuratu eta oinarrizko ondasun horren inguruan kontzientziatzeko asmoz sortu zen GoiEner Kontsumo Kooperatiba. 2012an abiarazia, auzolan moderno baten emaitza da. Eredu energetikoa aldatzeko asmoz, sentsibilizazioan eta merkaturatzean jardun dira orain arte; aurten, ordea, ekoizten hasiko dira. Bidean egitasmoa babesten duten bazkideak eta aitortzak gehitzen joan dira.

Ideiaren sorburua Belgikan dago. Izan ere, bertan izan baitzuen eredu honen berri kooperatibako sustatzaile eta presidente Joanes Maizak duela hamar urte. Hango kontsumo elkarte bateko kide izan zen eta herritarren ekarpenen bidez proiektu eolikoak, hidraulikoak edota fotovoltaikoak gauza zitezkeela ikusi zuen. Hona ekar zitekeela sinetsita, berak garatu zuen proiektua Usurbilgo Lanbide Eskolaren azpiegitura teknikoa baliatuta eta Goierriko Garapen Agentziak babestuta. 30 sustatzaile batzean, aurrera egitea erabaki zuten. Administratiboki eratzea, ordea, zaila izan zen, batez ere, eredu juridikoa ez delako oso arrunta. Urte eta erdi behar izan zuten kontsumo kooperatiba indarrean sartzeko eta 2013ko udazkena arte ezin izan zituzten egin lehen fakturak. Dena den, ordurako 700 bat bazkide zituzten. «Gugan konfiantza jarri zuten argindarra erosi gabe. Oso datu bitxia da. Ekarpena egin zuten sinesten zutelako gure eredua beharrezkoa edo posible zela», aitortu du Maizak.

Herritarrei ulertarazi nahi diete energia oinarrizko ondasuna dela eta alor horretan gaitu. Baita jatorri berriztagarriko proiektuak, aurrezpena eta eraginkortasuna sustatu ere klima aldaketaren eragina apaltzeko. Izan ere, sinetsita baitaude nuklearretan eta erregai fosiletan oinarritzen den energia sistema deszentralizatzeko bidea tokian tokiko proiektuak garatzea dela. Maizak dioenez, «kontsumitzen den tokian sortu beharra dago ahalik eta energia gehien. Norberak asetzea behintzat kontsumitzen duenaren zati bat. Norbera hori udaletxe, industria edo bizilagun komunitate bat izan daiteke». Ahalegin horretan xede bereko Ipar Euskal Herriko I-Ener akziodun elkartearekin elkarlanean aritzen dira.

Kontsumoa, sentsibilizazioa eta ekoizpena

GoiEnerrek hiru ardatzen inguruan dihardu: kontsumoa, sentsibilizazioa eta ekoizpena. Lehenengoari dagokionez, energia komertzializatzen dute. Alegia, gainerako merkaturatze enpresen gisan, merkatu elektrikoan argindarra erosten dute bazkideentzat; betiere bermatuz energia berriztagarria ekoizten duten instalazio batean sortua dela. Horrek ez du esan nahi entxufera argindar berdea iritsiko denik, sarean mota guztiak nahasten baitira; baina kontsumoarengan indarra egiteak badu eraginik. Arduradunak azaldu duenez, «sarea une oro operadore batek kontrolatu behar du eta horrek une oro jakin komertzializadora bakoitzak zenbat argindar eskatzen duen ekoizleei zenbat eratu agintzeko».

Hazten ari dira. Egun 5.772 bazkide eta 6.391 faktura dituzte. Azken krisi ekonomikoaren ondorioz, Maizak aurreikusi du aurki 6.000 bazkide izango direla. Kontsumoa orduko hamar gigawattekoa zen 2015ean eta hogeita batekoa izan da 2016an; fakturazioa, berriz, bikoiztu egin dute bi urtetan: 2014ko 2 milioi eurotik 2016ko 4 milioi eurora pasatuz. Kide izateko 100 euroko ekarpen bakarra egin behar da eta dirua kapital sozialera doa. Irabazi asmorik gabea izanik, lortutako mozkinak berrinbertitu egiten dituzte. Horri esker sortu dituzte 14 lanpostu eta hiru bulego, Ordizian, Gasteizen eta Bilbon.

Sentsibilizaziorako tresna nagusia, berriz, 2015ean sortu zuten GoiEner elkartea da. Funtzioak banatu eta merkaturatze enpresa energiaren erosketan, prezioen ezartzean eta horri lotutako jardunean zentratzea ahalbidetu zuen. Langileekin batera musu-truk parte hartzen dute ehun boluntariok, hitzaldiak eman eta pedagogia egiten dute gizarteak kontzientzia har dezan oinarrizko ondasun horrek duen garrantziaz. Pozik daude egindakoarekin. Izan ere, ahalegin horrengatik, erabilgarri gisa izendatu zuten elkartea eta iazko urte amaieran Buber nahiz Elkarlan sariak jaso zituzten.

Azken urratsa energia sortzea izango da. Aurten ekitea aurreikusten dute, nahiz eta egoera ez den erraza. Prezioen gorakadak eta Madrildik datorren araudiak gero eta gehiago zailtzen dute. Aukeretako bat instalazio hidrauliko txikietan parte hartzea da. Alegia, martxan diren azpiegituretan sartzea, eguneraketa teknikoa edo behar duten mantenu edo berritze prozesu bat finantzatuz, esaterako. «Beste bide bat proiektu fotovoltaikoetan inbertitzea da, baina formula juridikoa zailagoa da: autokontsumoa edo balantze netoa deritzona ez baitago oraindik indarrean», argitu du arduradunak.