GARA
GASTEIZ

Hamabi film labur eta luze Euskal Zinema Astearen 33. edizioan

Sei film luze eta beste horrenbeste labur hartuko ditu gaur hasi eta larunbatera arte Gasteizen egingo den Euskal Zinemaren Astearen 33. edizioak. Vital Fundazioak antolaturik, zikloak euskal profesionalek egin edo ekoitzitako lanak hartzen ditu eta, hala, gaurko inaugurazioak Ruben Salazar zuzendari gasteiztarraren “Villa Mnemósine” film laburra eta, jarraian, Helena Tabernaren “Acantilado” filma izango ditu protagonista.

Asteartean “Ihesa” lanaren txanda izango da, Alejandro Diaz Castañok zuzendutako euskarazko film laburra, Kimuak zirkuituaren katalogoan parte hartzeko hautatua. Egun horretako film luzea Felix Viscarret zuzendariaren “Vientos de la Habana” izango da. Asteazkenean “Hileta” iritsiko da pantailara, Kepa Sojo zuzendari arabarrak euskaraz egin duen lehendabiziko film laburra eta komedia ez dena. Emanaldi horren ostean, Patxo Telleriaren “Igelak” ikusteko aukera etorriko da. Osteguneko protagonista “Caminan” izango da, Mikel Ruedaren film laburra. Maribel Verdu du protagonista eta Zabaltegiren atal ofizialean lehiatu zen, Donostiako Zinemaldian. Film luzeen atalari dagokionez, Daniel Calparsororen “100 años de perdón” emango da. Ostiralean, “False Flag”, Asier Urbietaren laburraren, eta Koldo Serraren “Gernika” lanen txanda izango da. Filmak Gaudi eta Goya sarietarako izendapenak jaso zituen.

Euskal Zinemaren astearen 33. edizioa larunbatean amaituko da, David P. Sañudoren “Tiempos Muertos” film laburraren eta Iratxe Mediavillaren “Argi” film luzearen emanaldiarekin.

Sarrerak Kordoi Etxean eta Vital Fundazioaren Aretoan eros daitezke, eguneko 3 euroren truke.