GARA
DONOSTIA

Arkeologia jardunaldiak gaur hasiko dira San Telmo Museoan Aranzadi elkartearen eskutik

Hamabosgarren edizioa beteko dute aurten Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen dituen Arkeologia Jardunaldiek.

Hezurren azterketaren bidez iragana hobeto ezagutzeko aukera ematen duten bi aztarnategitan jarriko dute fokua aurtengo saioek. Batetik, Lezetxikiko koba, Behe Paleolito garaikoa; eta bestetik, Madrilgo moja trinitarioen komentuko kripta, XVI. mendekoa. Lehenengo saioa gaur izango da. “La cueva de Lezetxiki: 20 años de descubrimientos” izeneko hitzaldia eskainiko du Alvaro Arrizabalaga arkeologoak –EHUko eta Aranzadiko kidea, hogei urte ari da lanean aztarnategian–.

Bihar, Ekhine Garciaren eta Oihane Mendizabalen txanda izango da. Aranzadiko kideak dira biak. Pirinioetako erromatar galtzadaren bila ari den lantaldeko kide dira eta bilaketak zertan diren azalduko dute. Ostegunean “Tabiratik Durangora. Arkeologiaren aportapenak Erdi Aroko hiri baten ikerketan” izeneko hitzaldia emango du Belen Bengoetxea EHUko kideak. Tabira izenarekin jaio zen hiriaren –gaur egun Durango– interbentzio arkeologiko ezberdinak azalduko ditu. Hiribilduaren sorrera prozesuaren eta garapenaren inguruan planteamendu berriak eraiki dituzte.

Azkenik, ostiralean “Cervantes: la búsqueda” dokumentalaren emanaldia izango da. Euskal Herrian lehen aldiz izango da ikusgai. Ondoren solasaldia iragarri dute Paco Etxeberria, Almudena Garcia-Rubio eta Javier Balaguerren parte-hartzearekin. Lehen biak Miguel de Cervantes idazlearen hobiaren bilaketa lanetan aritu dira Madrilgo Trinitarioen komentuan.

Hirugarrenak dokumentala egin du horren harira. «Zientzialari eta historiagile ugarien elkarlanak Miguel de Cervantes idazle espainiarraren hobiari buruzko misterio eta datu okerrak baztertu ditu. Lan sakona, kixoteskoa batzuetan, non zientziak, gizatasunak eta kulturak bat egiten duten», adierazi dute Aranzaditik.

Saioak San Telmo Museoko ekitaldi aretoan izango dira 19.00etan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta San Telmoren babesarekin egiten dira jardunaldiak.