Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Tontorra kostan ez denean, igo!

Bizkaiko herrialdea zeharkatzen duen ibai zabalari hatsa zerion lehengoan, bazterrean ari zirenen sudurrak aspertzeko beste. Halaxe zioen sikiera hedabideetako egun hartako albisteak. Hatsa zerk sortu zuen jakin ezean geratu ginen sudur-zaleok; ura bera ere, itxura batean. Total, albistea etorri modura joan zen, ziztu bizian. Agur ben-hur! Jaurlaritza besteen armagabetzearen gainean ari denean ere albistea halakoxea izaten da, di-da batean etorri-joaneakoa.

Tira, harira! Urumea ondoko kuboa albiste iturri izan berri da, mendizaletasuna aitzakia. Hango oholtzan aritu ziren aditu bi, Everest gora eta behera. Chomolungma gora eta behera esan beharko, batzuek beren erabakiak hartzeko eskubidearen defentsak ezin baitu izan beste batzuek beren mendiei izena emateko berezkoa duten eskubidearen kontrakoa. Total, bakoitzak bere tontorrerako bidean kanpalekua gaur non duen erakusteko saioa izan zen. Kasu batean altueran dute kanpalekua, kosta ahala kosta, alde bakarretik sokari eutsiz.

Beste kasuan… non gauden galdetuta erakutsi zuen gaurko ezina, baseko kanpamentuan segitzen dugula, segi, basea kostan bertan dugula. Arriskua dugu hor, klima aldaketagatik izango den itsas mailaren igoerak itoko gaituela, hori baino lehenago klimax politikoa bera aldatzeko gai ez bagara, behinik behin. Baina grabitate-zentro berria, eta bestelako soka, aurkitzen ez dugun bitartean ezina da aldapan gora joatea.

Bitartean, kubotik oso urrun denboran, ez hainbeste espazioan, bestelako geometrian bizi dira. Baseko kanpalekua tontor. Eguneroko kudeaketa grisean, kontenplaziozko politikan, mon dieu! geroa bi aldekoa izateko bigarrenaren zain…Aurrekontuak helburu. Innobazio bakarra USB memoria berrian sartu dituztela kontu zaharrak. Oroimena dugu, hala ere.