A.A.
EMAKUME MASTER CUP

Jaione Zulaikak min hartu du eta Nagore Aramendik ordezkatuko du bihar

Dena prest dago bihar, 12.00etatik aurrera, Zornotzan jokatuko diren Emakume Master Cup torneoaren finaletarako. Hori bai, jaialdia irekiko duen Lehen Mailakoan azken orduko aldaketa bat dago. Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, Jaione Zulaikak eskuin belauneko meniskoa apurtu du, eta ezingo du bihar jokatu. Bere lekua Nagore Aramendik hartuko du, finalerdietan emaitza onena lortu zuen bikote galtzaileko aurrelariak. Aramendik Nagore Bilbaorekin jokatuko du Alba Martinez eta Arrate Bergararen kontra.

Ondoren izango da Elite mailako finala, eta hor ez dago aldaketarik: Olatz Arrizabalagak eta Leire Etxanizek Nagore Arozena eta Maider Mendizabalen kontra jokatuko dute. Jaialdia ETBk zuzenean eskainiko duen arren, antolatzaileek pilotalekura bertaratzeko deia egin nahi izan dute, eta hori bultzatzeko festa berezia antolatu ere bai.

Partidez gain, pilotalekuan musika, maskotak, animazioa, zozketak eta material banaketa berezi bat egingo dituzte, azken hiru hilabeteetan jokatu den lehiaketari merezi duen amaiera ipintzeko. 80 pilotarik hartu dute parte guztira zazpi egoitzatan jokatuz.