Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Jaialdiak

Badirudi neguaren amaiera ospatu eta udaberriari ongietorria emateko ardura kontalaritzak hartu duela; izan ere, martxoan bi jaialdi daude antolatuak. Alde batetik, Tolosan eta Ordizian aurten hamar urte beteko duen Ahoz Aho jaialdia eta, bestetik, laugarren edizioa beteko duen Istorio Biziak bilbotarra ditugu ahozkotasunaren festa gurera ekarriko dituztenak. Bietan kontaketak eta ahozkotasunarekin lotura duten ikuskariak eskainiko dira, hala nola olerki saioak, bertsoak eta abar. Kontalaritza oraindik ere haurrei zuzendu beharreko arte eszeniko gisa ikusten den arren (oraindik!), helduei zuzendutako saioak programatzen dituzte, publiko heldua ere ohitu eta arte eszenikoen parte egiten duten sorkuntza lanak ezagutu ditzan. Euskal Herriko zein kanpoko kontalariak ekarri ohi dituzte, estilo eta proposamen ezberdinekin, kontagintzaren mundu zabalak publikoari ezagutaraziz. Kontaketa jaialdiek sekulako garrantzia dute jardun artistiko honen garapenean. Jaialdietan aukera izaten dugu proposamen ezberdinak ikusteko eta erreferentzia anitzekin ikasteko. Kontalarientzat topaketa lekuak ere izan ohi dira, elkar ezagutzeko, ofizioaren gainean hitz egiteko, jardunaren nolabaiteko diagnosia egiteko, besteen lanak ezagutzeko. Gezurra badirudi ere kontalariok aukera eskasak ditugu beste kontalarien lanak ezagutzeko, helduentzako saioak ez baitira asko, beraz jaialdiek zabaltzen digute bide hori. Martxoak loratuko gaitu.