GARA
ISTANBUL-AMSTERDAM

Turkiaren eta Europar Batasunaren arteko gerrak sarea bereganatu du

Twitter sare sozialean Amnesty International erakundeak, BBC telebista kateak eta frantses Estatuko Ekonomia Ministerioak dituzten kontuak hackeatu egin zituzten atzo, beste askoren artean. Turkierazko mezuak eta Erdoganen hitzaldi bat igo zituzten hackerrek.

Alemania eta Herbehereak «naziak» direla zioen sareko piratek ipinitako mezuak. «Hona hemen zuentzako muturreko otomandar bat. Apirilaren 16an elkar ikusiko dugu. Zer idatzi dugun jakin nahi duzue? Turkieraz ikasi», irakur zitekeen Javi Martinez Municheko Bayern taldeko euskal futbolariaren kontuan, Boris Becker tenislari ohiaren, Alain Juppe frantses lehen ministro izandakoaren eta Borussia Dortmund Alemaniako futbol taldearen kontuetan bezalaxe. Mezuarekin batera bideo bat igo zuten egileek. Bertan Erdoganen hitzaldi baten zatitxo bat eskaintzen zen.

Twitterrek, BBCk eta Parisek baieztatu zuten eraso baten biktima izan direla, baina garrantzia kenduz eta arazoa berehala konpondu zutela erantsiz.

Turkian apirilaren 16an egingo den erreferenduma eta herrialde horretako ministroek Europako zenbait herrialdetan egin dituzten (edo egin nahi zituzten) ekitaldi publikoak daude piraten erasoaren atzean, itxura guztien arabera.

Herbehereak eta Alemania nabarmendu egin dira Erdoganen aldeko mitin horiek debekatzeko garaian, frantses Estatuak Turkiako kantzilerrari Metzen hitz egiteko baimen guztiak ematen zizkion bitartean.

Atzo bertan oso gogor salatu zuen Erdogan presidenteak Herbehereetako Gobernua. Bosniako Srebenican 1995ean egin zen sarraskia leporatu zion Europako herrialdeari: «Ez dute zerikusirik ez zibilizazioarekin ez gaur egungo munduarekin. 8.000 bosniar musulman sarraskitu zituzten».

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak bere haserrea adierazi zuen, eta Ankararen jarrera hori Europar Batasunean sartzeko asmoarekin bat ez datorrela erantsi.