Lander GARRO
Idazlea

Bai (baina ez)

Greba (barka, huelga) egiteko bozkatzen hasi ginenean, (barka, botoa ematen), erabaki genuen amankomunean (barka, komunean) geneukan gauza bakarra zela geure konpromezua (barka, konpromisoa). Buruzagien bulegoetan abordaia (barka, abordatzea) egitea ere pentsatu genuen, baina ez genekien zeintzuk izan zitezkeen min kolateralak (barka, albo-kalteak). Emozionatuta (barka, zirraraz beterik) geunden. Eguna ailegatzean, «epa!» (barka, hepa), lagunak agurtu nituen. Nire lagunetako batek tatuaia zeraman (barka, tatuajea), eta denetan pertsonajeena (barka, pertsonaiena) bera zen. Behin errodai (barka, errodaje) batean parte hartu omen zuen, pentsa! Antsietate handikoa zen, baina ez zegoen bereziki ansioso (barka, leratsu). Baina boltai handiko (barka, boltaje handiko) poste (barka, zutoin) batean lan egiten ari zela, horretarako eskilara (barka, eskailera) handi batera igota, instalakuntza (barka, instalazio) bat egiten ari zela, tenazak (barka, kurrikak) kalanbrea (barka, karranpa) eman zion eta goitik erori zen. Agonizatzen (barka, azken hatsean) geratu zen lurrean. Gero, hospitalean (barka, ospitalean) aurkitu nuen, suero (barka, serum) botila bati lotuta. Orain alkondara (barka, alkandora) eta korbata (barka, gorbata) jantzita, buruzagien bulegoan lan egiten du... traidoreak!